Nafarroako Itzulia eginda, amaitu du denboraldiaren lehen zatia Eulen Taldeak. 23 urtez azpiko txirrindulariek geldialdia egingo dute ekainaren 10era arte, "azterketa garaia delako".
11 txirrindularirekin osatu dute Zarauzko taldea, eta arduradunak pozik daude lortutako emaitzekin. "Beharbada banakako garaipenak falta izan dira, baina Lehendakari Torneoko sailkapen nagusian lidertza mantendu dugu, eta horrek erabat asetu gaitu", azaldu dute. Gainera, lortu dituzte garaipenak mendian nahiz taldeka.
Nafarroako Itzulian, esaterako, 10. postua eskuratu du taldeak, eta Yeison Reyesek 18. postua lortu du. "Itzulian Europako eta estatuko talde onenak aritu dira", eta horregatik, egindako lanarekin gustura dira Jira-Bira elkartekoak.
Bigarren zatirako prestatzen
Denboraldiaren bigarren zatia Ataunen hasiko dute, ekainaren 10ean. Lehen partean 31 egunez lehiatu badira, bigarrengoan beste 30 egun izango dituzte nor baino nor aritzeko. Besteak beste, Tour des Landes eta Tour de Piemont-en korrituko dute txirrindulari gazteek.
Emaitzekin ez ezik, arlo sozialean eta formakuntzari dagokionez ere pozik dira arduradunak.