Datozen asteetarako hitzaldi ibiltariak antolatu ditu Arkamurkak

Zarauzko Hitza 2018ko maiatzaren 17a

Arkamurkak Iñurritza Biotopoko irteera ornitologikoa eta Vista Alegreko parke berrituari buruzko hitzaldi ibiltariak antolatu ditu.

Maiatzaren 23an eta maiatzaren 29an hitzaldi ibiltariak egingo ditu Arkamurka elkarteak. Datorren asteazkenean, maiatzaren 23an, Iñurritza Biotopoko irteera ornitologikoa antolatu dute. 18:00etan elkartuko dira  Iñurritza Biotopoan, Zubi Ondo jatetxearen aparkaleku ondoan. Txango honetara bertaratzen direnek Iñurritza biotopoan zehar hegaztiak bertatik bertara ikusteko eta entzuteko aukera izango dute, beraz, prismatikoak eramatea gomendatzen da. Bide batez, Iñurritzako hegaztiak ezagutzeko gidaliburua aurkeztuko dute Arkamurkako kideek.

Maiatzaren 29an, berriz, Vista Alegreko parke berrituan hitzaldi ibiltaria egingo dute. Parkearen izaera mantenduz hainbat zuhaitz kendu dira, eta egin diren landaketa berrien berri emango du Jon Zulaika Arkamurkako kideak. Txango honetarako, Santa Marina kaleko Arkamurka Elkartearen egontzan elkartuko dira, 19:30ean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide