Bidasoako Itzulia Zarauztik igaroko da ostiralean

kudeatzailea 2018ko maiatzaren 9a

Bidasoako Itzuliko aurreko edizioetako bat (Urola Kostako Hitza).

3. etapa Orion hasi eta bukatuko da, eta ibilbidean Nafarroa kaletik igaroko da birritan.

Ostiralean txirrindularitzaz gozatzeko aukera izango da Orion eta Urola Kosta eskualdean. Elite eta 23 urtez azpiko txirrindularien Bidasoako 46. Itzuliko 3. etapa Orion hasi eta bukatuko da. Asteazkenean, gaur, hasiko dute Bidasoako Itzulia Irunen, eta ostiralean iritsiko da eskualdera. Urola Kostakoa itzuliko probarik luzeena izango da, 131,20 kilometroko ibilbidea osatu beharko baitute txirrindulariek.

Ostiralean eguerdi partean abiatuko dute Orio-Orio etapa;14:30ean herriko plazatik irtengo dira txirrindulariak eta Aritzaga kaletik barrena N-634 errepidea hartuko dute, Zarauztik, Getariatik eta Zumaiatik igaroz. Gero, GI-631 errepidea hartu eta Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatuko dituzte Zumarraga aldera abiatzeko. Goierritik Mandubia gainetik sartuko dira berriro Urola Kostara eta Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal, eta Meaga zeharkatuta berriz ere N-634 errepidea hartu eta Zarauztik Aiara igaroko dira eta Aiako gainetik Oriora itzuliko dira. 17:40 aldera iritsiko dira txirrindulariak Orioko zunira eta Itsaspetik Orioko Arrantzale kalera joango dira, bertan izango baita helmuga.

Zumaian, ordu erdiz errepidea itxita
Zumaiako Udalak ohartarazi duenez, txirrindulari lasterketa dela eta, ostiralean 14:30etik 15:00ak bitartean N-634 errepidea itxita egongo dela. Ondorioz, ordu erdi horretan ezingo da autoarekin Zumaiatik irten ezta sartu ere.

Ibilbidea eskualdean barrena

14:30. Irteera. Orio, herriko plazatik.
14:38. Zarautz (N-634)
14:44. Getaria (N-634)
14:52. Zumaia (N-634)
15:04. Zestoa (GI-631). Tarteko helmuga.
15:16. Azpeitian (GI-631)
15:22. Azkoitia (GI-631)
15:48. Zumarraga (GI-631)
16:00. Ormaiztegi
16:12. Mandubiako gaina
16:21. Matxinbenta.
16:27. Nuarbe auzoa.
16:35. Azpeitia (GI-631)
16:49. Zestoa (GI-631)
16:56. Aizarnazabal
17:05. Meagako gaina
17:12. Zarautz
17:16. Zuduriagako gaina.
17:21. Aia, Ubegun
17:26. Aiako gaina
17:32. Aia, Andatza.
17:40. Orio, zubia
17:44. Orio, Itsaspe
17:42. Helmuga, Orio Arrantzale kalea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide