Ganix Gesalaga eta Usua Garin: «Mikro baten atzean ezkutatzeak botere handia ematen du»

Amaia Urbieta Arruti 2018ko maiatzaren 4a

Arraio Irratiko kide Ganix Gesalaga eta Usua Garin (Amaia Urbieta Arruti).

Urteak daramatzate Arraio Irratian Gesalagak eta Garinek. Gaur abiatuko dute hamabigarren urteurrena ospatzeko prestatu duten hilabete osoko egitaraua.

Putzuzuloko irratia inguratzen duten horma arrosetan historia irakur daiteke. Horman itsatsitako historia, Arraio Irratiaren inguruko albiste, argazki, eskutitz eta kartelez osatutakoa. Ganix Gesalaga (Zarautz, 1986) eta Usua Garin (Zarautz, 1987) historia hori idazteaz eta hedatzeaz arduratu dira azken hamabi urteotan, eta gaur hasiko dituzten ospakizunen aitzakian, mimoz azaldu dute zer den beraientzat Arraio Irratia. 

Zein da Arraio Irratian betetzen duzuen rola?
Ganix Gesalaga: Izerditan Blai saioko kidea naiz, eta horrez gain, Arraio Irratiko bilera eta gainontzeko ekintzetan parte hartzen dut.
Usua Garin: Ni Atalkaria naiz, alegia, Atalka saioan aritzen naiz. Zinema itsua egiten dugu Amaia Zalduak eta biok, eta esatari izateaz gain, teknikariak, saioaren sortzaileak, gidoilariak eta arduradunak gara.

Arraio irrati libre bat da. Zer suposatzen du librea izate horrek?
G.G.: Duela hamabi urte Zarauzko Irrati Librea deitu genion Arraiori, eta horrek ongi azaltzen du zer den. Batetik, Zarautzen egiten den, baina Zarauztik kanpo ere entzuteko aukera dagoen irratia da, antolaketa erabat librearekin funtzionatzen duena. Asanblada bidez antolatzen gara, guk aukeratzen ditugu edukiak, inongo editorerik edo publizitate iturririk gabe. Askatasun handia daukagu gure jardunean.
U.G: Egiten dugun lana autogestionatua da, ez da kasualitatea Putzuzulon sortu izana Arraio Irratia. Gure ezaugarriak gertutasuna eta tokikotasuna dira, gugana etorri nahi duen ororentzat ateak zabalik dauzkagu.
G.G: Beste komunikabideetan ahotsik izango ez lukeen jendeari aurrean mikrofono bat jartzeko prest gaude.

Hamabi urte beteko ditu Arraiok. Zein da bere egoera?
U.G.: Aurten txute bat jaso dugula uste dut, bertsolaritzari buruzko saio berri bat jarri baitugu martxan, eta Atalkari berriak ere batu zaizkigu. Nik urte baxuagoak bizi izan ditut, eta hemen urte asko daraman jendearentzat beharrezkoa da aire freskoa.
G.G.: Gauerdiko Eztula saioak ere kolaboratzaile berriak lortu ditu. Egia da, garai zailagoak bizi izan ditugula, baina aurten gazte jendeak arnasa eman dio irratiari.

Ba al duzue aurrerako autokritikarik edo erronkarik?
G.G.: Erronka nagusia irratsaio gehiago sortzea da. Orain bost dauzkagu, eta polita izango litzateke zazpira iristea, astearen egun bakoitzean irratsaio bat izateko. Beti diogu irekita gaudela, deialdiak egiten ditugu... baina zerbait pentsatu beharra daukagu, jendea ez baita parte hartzera animatzen.
U.G.: Egia da, badakigu etxeetara iristen garela, baina ez dugu jakin irratian zerbait egitea gustatuko litzaiokeen jende horrengana iristen. Esango nuke, kanpotik begiratuta formatu zaila ematen duela irratiak, baina ez da hala. Bere xarma dauka mikrofono baten atzean ezkutatuta egoteak, boteretsu sentiarazten zaitu. Gainera, tekniko lanak ere egiten ditugu, eta gure esku dago zertaz hitz egin aukeratzea, zein musika jarri... Oso tresna polita da.  
G.G.: Mozal legearekin lotu nahi nuke gure audientziaren gaia. Twitterren gauza jakin batzuk idazteak badakigu zer ondorio izan ditzakeen, eta gu ohartu gara, irratian esandako gauza asko txio batean idatziko bagenitu askoz oihartzun gehiago izango luketela. Gizarteak irratia ahazturik daukanez, zentsuraren gainetik gaudela dirudi.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide