Espainiako Txapelketa jokatuko dute asteburu honetan 18 urtez azpiko errugbikoek

Zarauzko Hitza 2018ko maiatzaren 3a

Euskal Ligako finaleko partidaren une bat (Aitor Sorreluz)

Euskal Liga irabazi du Babyauto Zarautzek eta Lasarteko Beltzek osatutako taldeak, asteburuan Astin jokatutako partidan. Hala, asteburu honetan San Cugat-en (Katalunia) lehiatuko dira estatuko txapela eskuratzeko.

Zarautz Rugby Taldeak azaldu duenez, larunbatean Astiko harmailak zaletuz bete ziren. Izan ere, Euskal Liga zegoen jokoan eta, ondorioz, baita txartela ere Espainiako Txapelketarako. 18 urtez azpikoek lortu zuten helburua, eta asteburu honetan jokatuko dute estatuko lehia, San Cugat-en (Katalunia).

Babyauto Zarautzek eta Lasarteko Beltzek osatu zuten etxekoen taldea, eta aurrean talde indartsu bat eduki zuten: Durango eta Elorrio Rugby Taldeko jokalariek osatutakoa.

Partidaren hasieran, etxekoak izan ziren nagusi. 14. minutuan lortu zuten 7-0 jartzea markagailua, eta 17. minutuan, 14-0 ari ziren irabazten. 19-0 zeuden 25. minutuan, baina hortik aurrera, bizkaitarrak hasi ziren min pixka bat ematen. Hala, atsedenaldira iritsi ziren 19-14 emaitzarekin.

Bigarren zatian, indarrak parekatuta aritu ziren. Hala ere, 8. minutuan berriz etxekoak aurreratu ziren: 22-14. 23. minutuan kanpokoek aldea gutxitzea lortu zuten: 22-19. Zorionez, azken uneetan iritsi ziren etxekoen azken hiru puntuak, eta partida 25-19 amaitu zen.

Ikusi partidako argazki bilduma.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide