Hainbat emanaldi antolatu ditu maiatzerako Pagoeta elkarteak

Zarauzko Hitza 2018ko maiatzaren 2a

Arkaitz Yurrita eta Javier Valero beren lana aurkezten Mendi Tour jaialdian (Al otro lado de la cuerda ).

Pagoeta Mendizale Elkarteak hilabete bete ekitaldi antolatu du, urtero bezala, Pagoeta Egunarekin biribilduko duena. Hori horrela, bihartik hasi eta astero-astero bideo emanaldiak eta hitzaldiak eskainiko dituzte.

Arkaitz Yurritaren eta Javier Valeroren Al otro lado de la cuerda dokumentala izango da ikusgai bihar (maiatzak 3) Antoniano aretoan, 20:00­etatik aurrera. Irudi bikainez lagunduta, Pirinioetako horma garrantzitsuenak eta eskalada bide sortzaile iraultzaileenak ezagutzeko aukera eskaintzen du ikus-entzunezkoak.

Datorren astean, maiatzaren 10ean, Iker Madozek Eskalatzen... nora eta norekin hitzaldia emango du. Txiki Polit jatetxean izango da, 20:00etan. Hurrengo bi asteetan, maiatzaren 16an eta 24an, 2017ko Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko ikus-entzunezko onenak botako dituzte; Antoniano aretoan izango dira emanaldiak, 20:00­etan hasita, eta sarrerak 3 eu­ro balioko du egun bakoitzean. Lehenengo saioan, Aurrera, The fronzen road eta Mountain emango dituzte, eta bigarrenean, berriz, Where the wild things play eta Dirtbag: the legend of Fred Beckey. Euskaraz den bakarra Aurrera da, eta gainerako filmak jatorrizko hizkuntzan izango dira euskarazko azpidatziekin.

59. Pagoeta Eguna

Ekainaren 3an ospatuko dute 59. Pagoeta Eguna. 08:00etan kalejira egingo dute txistulariek, eta 08:30ean Pagoeta aldera abiatuko dira, Guria tabernaren aurretik. 11:30ean meza izango da Pagoetako gurutzearen ondoan, eta ondoren erromeria. Pagoetan biltzen direnentzat salda eta ardoa izango da doan, eta barra bat ere jarriko dute jatekoarekin eta edatekoatekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide