Montetxio abesbatza Katalunian izan da zubian, Llado herriko udalak eta hango abesbatzak gonbidatuta. Lasarte-Oriako Xumelako eta Hondarribiko Olagarroko abesbatzekin batera 70 abeslariko taldea osatu dute. Hala azaldu dute egitasmoa Montetxiokoek: "Lladon egunpasa eman genuen kantu saio, bazkari, hitzaldi eta guzti, haien abesbatzako partaideekin lagun giro bikainean. Cadaques herria ikusteaz gain, elizan eta plazan kantatu genuen, itsasoari begira. Figueresen, berriz, kastellersekin aritu ginen kantujiran. Eta, azkenik, Girona hiriburuan Sardanen Jaian hartu genuen parte".
Euskaldunek haritz kimuak oparitu zizkieten Lladoko eta Gironako udal ordezkariei, "laguntasun eta elkartasun keinu moduan", haien herrietan landatu ditzaten. "Geure herrien hizkuntza eta kulturarekiko maitasunak batzen gaitu bi herriok, eta Montetxiokideak poz-pozik itzuli gara etxera hartueman hori sendotu dugulako. Kataluniako lagunei Zarautzera eta Euskal Herrira etortzeko gonbidapena luzatuaz itzuli gara herrira, beste behin ere amets eder bat beteta", azaldu dute abesbatzakoek.