Inaxio Uria 'Isasti'ren bertsoak Barren plazari buruz

Zarauzko Hitza 2018ko apirilaren 28a

Inaxio Uria Isastik Barren plazako gorabeherei buruzko bertso sorta hau bidali digu.

Doinua: "Iparragirre abila dela"

-1-
Haurra nintzenetikan banuen
bere berri aditzera
Gure etxetik hurre zegoen
nahiz ez heldu ikustera
Horma bat zen tarteko
Argiro esateko
muga Patxiku Kalera
Bertan jolastuz,beti galdera
Nolakoa ote zen bera?(bis)


-2-
Nik gurasoengandik nekien
erabilera lehendikan
Nonbait kirolerako izanik
gehienbat betidanikan
Pilotari txokoa
Aizkolari jokoa
Dena galduz geroztikan
Urtetan zehar etzen irtetzen
zaratarik bertatikan (bis)

-3-
Hirurogeiko hamarkada zen
juxtu aldaketarena
Hormak birrinduz han azalduaz
ezkutuan zegoena
Geroztik “Pilar plaza”
auzoantzat arnasa
nahiz etxez bete gehiena
Foruen plaza ta Zigordiara
pasadizoa zuzena (bis)

-4-
Urtetan zehar aldatzen joan da
erabat plazan itxura
Dena tabernaz inguratua
Kaltegarria? Onura?
Izena berezia
“Barren Plaza”,bitxia!
Baina jarraituz ohitura
jende gehienak izendatzen du
antzinako “Pilar” hura (bis)

-5-
Gaur eztabaida bat sortua da
jende andana dela ta
hainbat unetan entzuten denez
izugarrizko zarata
Asteburutan kezka
Plaza jendez gainezka
Egoilarrentzako lata
Ordu jakinak izanagaitik
Hori oihuen enbata! (bis)

-6-
Gaur azterketa egin ondoren
dirudi sinestezina
Auzo lasaia eta isila
bihurtu da desberdina
Lehen jaietan pakea
Oraintxe, jo ta kea!!!
Egindakoa egina!!!
Gaztedia hor pilatzen denez
Moda kontua, jakina! (bis)


Inaxio Uria 'Isasti'

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide