Igandean XV. Pagoeta Mendi Lasterketa izango da Zarautzen. Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatzen duen proban izena ematen dutenek bi ibilbide izango dituzte aukeran: bakarkako 21 kilometroko proba nagusia eta zortzi kilometroko binakako proba mistoa. Gaur gauean bukatuko da bi lasterketetan Internet bidez izena emateko epea, baina igandean, probaren aurretik ere eman ahalko da izena, baldin eta dortsalik gelditzen bada.
Pagoeta lasterketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, egunkari hau ixterako 229 lasterkari zeuden izena emanda proba nagusian. Aldiz, 84 bikotek eman dute izena lasterketa mistorako. Besteak beste, honako kirolari hauek parte hartuko dute proba luzean: Maite Etxezarreta, Uxoa Irigoien, Nerea Amilibia, Iban Makazaga eta Aritz Kortazar.
Lasterketa luzeak iazko ibilbide bera izango du. Antolatzaileek esan dutenez, bi zati nagusi ditu: gorako bidean, Pagoetako gurutzerainokoa eta Murukil tontorrerainokoa; eta, beherakoan, Pagoetako parke naturaletik igaroko dena. Proba mistoa, aldiz, iaz antolatu zuten lehen aldiz, eta orduko «arrakasta» ikusita, berriz antolatu dute, 125 bikotek parte hartzeko aukerarekin. Aurtengo ibilbidea, gainera, 500 metro luzeagoa izango da; izan ere, zortzi kilometro izango ditu.
Proba luzea eta mistoa, biak, Krabelinsoro kalean hasi eta bukatuko dira, Aritzbatalde kiroldegiaren inguruan, hain zuzen ere. Proba nagusiko parte hartzaileak 09:30ean aterako dira, eta 09:45ean proba mistoa egingo dutenak.
Iazko Pagoetako lasterketako proba nagusia Andreu Simon kataluniarrak (01:33:26) eta Elisabete Garate zarauztarrak (02:00:56) irabazi zuten. Lasterketa mistoan, berriz, Uxoa Irigoien getariarra eta Igor Etxeberria zarauztarra nagusitu ziren, 34 minutu eta hiru segundoan helmugaratuta.