Langileen Nazioarteko Eguna ospatuko dute asteartean mundu osoan zehar. Gurean, Maiatzaren 1eko eskualdeko manifestazioa Zumaian egingo du LAB sindikatuak, eta bat egingo dute hainbat eragilek. Besteak beste, Danda gazte asanbladak. Zarauztarrek deialdia egin dute, egun horretan elkarrekin joateko Zumaira. Hala, 11:20an elkartuko dira, tren geltokian. 12:00etan hasiko da manifestazioa Zumaian, eta parte-hartzaileei jana emateko eskatu die Dandak, gero han denen artean banatzeko.
Arratsaldean, Zarautzen jarri dute hitzordua. 17:30ean elkartuko dira Putzuzulo gaztetxean, langile borrokaz eztabaidatzeko.
Eskualdeko manifestazioa LABek
Urola Kostako LABek eskualdean egingo du protesta aurten ere Maiatzaren 1ean. Zumaian manifestatzera deitu ditu herritarrak, eta 12:00etan abiatuko dira Beheko plazatik.
Zumaia aukeratzeko hainbat arrazoi eman ditu sindikatuak. Batetik, esan du herria "kolpe gogorrak" jasotzen ari dela azkenaldian, eta horren aurrean, "agintarien erabakiek ez dute laguntzen", gaineratu du. Adibide batzuk azaldu ditu prentsa ohar bidez: "Arantxa Tapia bizilagun duen herrian Xey bezalako enpresaren itxiera bizi izan dugu; Lagun Artean-en gainbehera; eta GKNren salerosketa kezkagarria, besteak beste". Horrez gain, "turismoaren leherketak" ostalaritzan eta beste sektore batzuetan egoera "larritu" egin duela uste du.
Zumaiako Udalaren kontra, berriz, sindikatuak zera esan du: "Udal zerbitzuak pribatizatzen jarraitu nahi dute, eta gainera kalean salaketa egin nahi duen oro isilarazi nahi dute, garbitasunaren aitzakian".
"Zorionez", esan du sindikatuak, "aurre egiteko adorea dugu, eta izango dugu. Pentsiodunen mobilizazio jendetsuak edo Martxoaren 8ko greba feminista arrakastatsuak erakutsi dute injustiziei aurre egiteko herri honek duen indarra".
ELAk autobusa jarri du herriz herri
Bestalde, ELAk Bilboko manifestaziorako deia egin du. Autobusa antolatu du hara joateko, eta Zarautzen 09:10ean jarri dute hitzordua, Batzoki aurreko geltokian.
Pobreziari gerra! Soberan inor ez lelopean protestatuko du Maiatzaren Lehenean ELAk.