2016an hasi zuten Oreka TX-ko txalapartariek «aniztasunaren orkestra» bezala definitzen duten proiektua. Euskal Herrikoaz gain, Irlanda, Eskozia, Frisia, Cornualles, Gales eta Galiziako musikak batzen ditu ikuskizunak. Oro har, bi elementuk batzen dituzte musikari hauek guztiak: Atlantiko itsasoaren kostaldeak eta hizkuntza gutxituak. Alegia, Tosta Bandaren errepertorioa osatuta dago euskal kostaldea bustitzen duen itsaso berberaren ertz ezberdinetako hizkuntza gutxituen musikarekin.
Proiektuaren izenak ere erreferentzia egiten dio itsas munduari, arraunontzietako eserlekuari deitzen baitzaio tosta, baina Zarauzko bizilagun Mikel Ugarte txalapartariak esan duenez, itsasoaren metafora «hausnarketa haundiegirik gabe» erabili zuten proiekturako.
Ugartek azaldu duenez, fusionatu dituzten folklore ezberdinek harreman estua daukate beraien artean, erabiltzen dituzten instrumentuak eta melodiak antzekoak direlako. «Elkartutako guztiak musika zeltiarraren anai-arrebak gara, eta instrumentu batzuk oso ohikoak dira kultura gehienetan, esaterako, biolina edo gaita». Musikariaren esanetan, txalaparta da instrumentu guztietan «ezberdinena», baina «egoki» moldatu da gainontzekoetara. «Musika herrikoi guztien arteko harremana oso naturala da, eta erraza izan da elkarrekin lanean aritzea».
Ontzi berean arraunean
Lau euskal hiriburutara eramango dute ikuskizuna datozen egunetan, eta «buru-belarri entseatzen» ari badira ere, ez da Tosta bandak jendaurrean emango duen lehendabiziko emanaldia. «2016an gu joan ginen lurralde horietako bakoitzera, txalaparta bertako musikarekin fusionatzera. Bertako elkarteren batekin harremanetan jarri eta elkarlanean, musikaren inguruan eraikitako herrixka moduko batzuk sortu genituen lurralde bakoitzean».
Oreka TX ezaguna da duela 12 urte burututako Nömadak TX proiektuagatik, beraz, aurretiazko esperientzia badaukate kultura ezberdinetako musikak fusionatzen. Euskal Herrian, 2016ko Atlantikaldian igo zen lehen aldiz Tosta Banda oholtzara. Oraingoan, berriz, ikuskizuna formatu ezberdinean gozatzeko aukera emango dute. Bihar, Gasteizko Principal antzokian izango dira; ostiralean, Iruñako Gayarre antzokian; larunbatean, Donostiako Kursaalean; eta igandean, azkenik, Bilboko Arriaga antzokian. Egunotan, Usurbilgo Sutegi aretoan entseatzen dihardute musikari guztiek, eta gaur entsegu irekia egingo dute, bertaratu nahi duen ororentzat. «Proiektuko guztiok musika zeltiarraren anai-arrebak gara».