Misterioa, fantasia eta beldurra. Hiru osagarri nagusi horiek uztartzen ditu Ramon Olasagastiren Sasiolako errotaria ipuinak, XXXVI. Lizardi Sariko lan irabazleak. Halaxe nabarmendu zuen literatur lehiaketako epaimahai lanetan aritu den Yolanda Arrieta idazleak, astelehen arratsaldean –Liburuaren Nazioarteko Egunean eta Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenean– Sanz Enea haur liburutegian egindako aurkezpen ekitaldian.
Guztira, hamalau lan aurkeztu dituzte aurten sariketara, eta epaimahaikideek –Arrietarekin batera, Miren Agur Meabe, Alex Gurrutxaga eta Leire Bilbaok– Olasagastik aurkeztutakoaren aldeko hautua egin dute. Berrobiko kazetari eta itzultzaileak Zarauzko Udalak antolatzen duen saria irabazten duen bigarren aldia duela ekarri zuen gogora Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek; izan ere, Sugaar ipuinagatik saritu zuten 2013an.
Saritua erabat eskertuta agertu zen, eta udalak lehiaketa aurrera eramateko urtero egiten duen ahalegina txalotzekoa dela aditzera eman zuen, «haur askorengana iristen delako». Olasagastik 4.000 euroko sari ekonomikoa jasotzeaz gain, bere lana argitaratuta ikusi du, eta udalak liburuaren 2.500 ale banatuko ditu doan herriko ikastetxeetan ondorengo egunotan.
Egun hartan, eskolara bidean nindoala, antzeman nien harpa jotzeko gogoz zetozela (...). Arrietak Sasiolako errotaria laneko lehen kapituluaren hasierako zatia irakurri zuen jendaurrean, pizgarri modura. Sasiolako errota, izatez, herri askotan aurki daiteken «beldurra eta jakin-mina» pizten duen etxe hori dela jakitera eman zuen ipuinaren egileak. Eraikina bera abiapuntu gisa hartuta, garai ezberdinetako bi plano josten ditu; bata, egungoa eta, bestea, «gure aitona-amonen garaikoa». Funtsean, istorio ilun bat dago errotaren inguruan, pixkanaka argitzen joango dena.
Bestalde, bullying hitza ipuinean aipatzen ez bada ere, presente dago kontakizunean. «Gaia hor dago», zehaztu zuen Olasagastik ekitaldian. Edonola ere, argi utzi nahi izan zuen bukaera ez duela «hain traumatikoa eta iluna». Amaitzeko, jakinarazi zuen Sugaar liburuaren 3. edizio eman dutela argitara aurten, eta gustatuko litzaiokeela Sasiolako errotaria-k ere ibilbide luzea izatea.