Hau da Putzuzulo gaztetxeak bere Facebook kontuan jarritako mezua:
"Putzuzulo Gaztetxetik azken asteetan gure etxean jazotako bi eraso sexistak salatu nahi ditugu. Batetik, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu erasoak sufritu dituzten bi emakumeei eta ingurukoei, eta gure esku dauden baliabide eta ekinbide guztiak eskaini nahi dizkiegu. Bestetik, irmoki adierazi nahi dugu indarkeria sexista ekiditeko eta gure etxea eremu aske bilakatzeko lan egiten jarraituko dugula; formazioaren, hausnarketa kolektiboen eta talde jardunbideen bidez geroz eta feministago bihurtu nahi dugu, bai jendartea, bai gaztetxea.
Hori horrela izan dadin, honako konpromiso hauek hartu ditugu Putzuzulo kudeatzen ari garenok:
-Erasotutako emakumeei babesa eta baliabide material eta humanoak eskaintzea, haien erasoak aitor daitezen, aintzat hartu daitezen eta eraso horietatik osa daitezen.
-Erasotzaileekin neurriak hartu ditugu. Ez dira gaztetxean sartuko eta haien herrietan lanketa pertsonal eta kolektiboa egiteko konpromisoa eskatu zaie. Putzuzuloko batzarrak prozesu horien jarraipena egingo du.
-Putzuzulon gertatzen diren erasoei (espero dugu berriz ere horrelakorik ez bizitzea) aurre egiteko protokoloa ezagutarazi eta osatuko dugu. Gure arteko hausnarketak bultzatzen eta askotariko erasoak (sexistak, homofoboak, transfoboak, espezistak, lesbofoboak eta abar) nola ekidin pentsatzen jarraituko dugu.
Indarkeria sexistari aurre egitea denon ardura da. Aski da! Erasotzaileak gune askeetatik kanpora!"