Hondakin sistema berriaren ezarpenetik bi hilabete pasa direnean, UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du. Herritarren kezkak eta zalantzak argitu nahi dituzte, sailkatze portzentajeak igotzeaz gain. Hala, kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo ezberdinei bideratutako tailerrak egingo dira datozen lau asteetan.
UKUEk jakinarazitakoaren arabera, oraindik ez dute sailkatzearen inguruko daturik. Alabaina, "hasiera gorabeheratsuaren" ondoren, hondakin sistema berria "egonkortzen" ari dela eta sailkatze portzentajearen joera goranzkoa dela irizten dute. Bestetik, eskualdeko herritarrek egindako ahalegina txalotu nahi dute UKUEtik. Hala ere, sailkatze portzentajea hobetzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute, eta, horretarako, herritarren eskura hainbat baliabide jarriko dituztela iragarri dute.
Astelehenean hasi zuten kanpaina Aian, eta lau astez iraungo dute bost udalerrietan martxan jarritako dinamikek. Alde batetik, kalez kaleko sentsibilizazioa landuko dute ingurumen hezitzaileek. Edukiontziak dauden puntuetan izango dira goizez 08:30etatik 12:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara, herritarrak zaborra sailkatzera doazen momentuan bertan zalantzak argitu asmoz. Bisita egutegia ere zehaztu dute: Aian, atzo eta gaur izan dira; Getarian, berriz, apirilaren 11tik 14ra izango dira; Zumaia izango da hirugarren udalerria, apirilaren 16tik 21era; ondoren, apirilaren 23tik 28ra Zarautzen izango dira; eta Orion bukatuko dute, apirilaren 30ean eta maiatzaren 2, 3, 4, 5 eta 7an.
Bestetik, udalerri bakoitzean lau hitzaldi ematea aurreikusi dute, hondakinak sailkatzeko oinarrizko ezagutzak lantzeko eta zalantzak argitzeko. Era berean, hondakinak ongi edo gaizki bereizteak sor ditzakeen ondorioez ariko dira. Hitzaldiak irekiak direla nabarmendu dute, eta, oro har, arratsaldeko azken orduan izango direla azaldu dute. Atzo izan zen lehen saioa Aian, eta datozen egunetan gainontzeko hitzaldien egutegiaren berri emango dutela iragarri du UKUEk.
Kolektiboentzako tailerrak
Beraien jardunak etxeetan baino hondakin gehiago sortzen duten kolektiboentzako tailer bereziak ere antolatu dituzte, besteak beste, merkatari, ostalari eta industria inguruko enpresentzat. Kolektibo hauentzako tailer bereziak antolatu ditu UKUEk. Bi orduko iraungo dute, eta gaur egingo da lehen saioa, 15:00etan, Getariako Ulpiano Etxean; ostalari eta merkatariekin.