Astelehenerako manifestazioa deitu dute jubilatu eta pentsiodunen plataformakoek

Zarauzko Hitza 2018ko apirilaren 10a

Jubilatu eta Pentsiodunen plataformakoek ohiko elkarretaratzea egin zuten atzo. (EH Bildu)

Jubilatu eta Pentsiodunen plataformak manifestazioa deitu du hurrengo astelehenerako, apirilaren 16rako, 12:00etan. Era berean, kezka azaldu dute euren egoerak ez duelako hobera egin.

Madrileko Gobernuak aurkeztu berri dituen aurrekontuetan pentsioek zenbait ukitu izango dituztela adierazi badute ere, aurrekontu horiek "lotsagarriak" direla adierazi du Jubilatu eta Pentsiodunen plataformak. "Euren eskaera justuei burla egiten" ari direla eta, manifestazio deialdia egin dute hurrengo astelehenerako, Lege Zaharren Enparantzan.

Plataformak adierazi duenez, pentsioei buruz ematen den informazioa ez da benetakoa. Estatuak pentsio pribatuak ez dituela bermatzen salatu dute, eta langileak merkatuaren menpe uzten dituela, arrisku gehiagorekin.

Urtez urte euren murrizketek jarraipena izango dutela eta, zenbakiak plazaratu dituzte. Beraien kalkuluen arabera, 2019an, 1.500 euroko pentsioek hilero 45 euroko galerak izango dituzte hilean, eta 700 eurokoek, 22 eurokoak. Esan dutenez, 224.117 pentsionista pobrezian bizi dira DSBEa jasotzen dutenak 15.000 bakarrik dira. 

Eskaerei eusten diete

"Egonkortasuna gero eta ahulagoa" dela eta, etorkizuna ziurgabetasunez betea ikusten dute, eta "aberatsak gero eta aberatsagoak eta pobreak gero eta pobreagoak" direla salatu dute. Orain arte bezala, 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen dute plataformakoek, baita KPIaren araberako pentsioen eguneratzea ere. Amaitzeko, aipatu dute orain arteko gastuen ostean, 224,85 euro gelditzen zaizkiela kontuan.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide