Zarauzko Iraupeneko VI. Ibilaldia maiatzaren 6an egingo du Pagoeta Mendizale Elkarteak, eta baliagarria izango da Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien 17. zirkuiturako. 45 kilometroko ibilbidea izango da, eta honako tokiak igaroko dituzte parte hartzaileek: Garategaina, Meaga, Indamendi, Txatxarromendi, Urdaneta, Altzolaraz, San Pelaio, Santa Engrazia, Komisiolatza, Iturriotz, Altzuruzelai, Murugil, Pagoetako gurutzea, Amezketalardi, Laurgain, Iturraran, Agorregi, Lukun eta Landarbide.
Ibilaldi laburragoa egin nahi duenak ere izango du aukera. Bi txango antolatu dituzte: 27,3 kilometroko Ibilaldi Txikia, eta 11,4 kilometroko Ttipi-Ttapa ibilaldia.
Izena, aurrez bakarrik
Izena emateko epea zabalik dago, eta azken eguna maiatzaren 3a izango da. Mendizale elkarteak jakinarazi du, gainera, egunean bertan ezingo dela izenik eman. Beraz, epe horiek errespetatu beharko ditu parte hartu nahi duenak.
Izena emateko zirkuitua.com webgunera jo behar da, eta argibide gehiago nahi duenarentzat telefono zenbaki hau eskaini dute: 943-132 911.
Boluntario bila
Bestalde, Pagoeta Mendizale Elkarteak esan du boluntarioak behar dituela hiru ibilaldi horiek antolatu ahal izateko. Bezperan, larunbatean, laguntza beharko dute, baina batik bat, egunean bertan behar dituzte boluntarioak.
Laguntzeko prest dagoenak mezu bat bidali behar du, esanez zein egunetan lagundu dezakeen, eta zer ordu tartetan. Mezua pagoetaibilaldia@gmail.com helbidera bidali behar da, edo telefonoz deitu, 943-132 911 zenbakira (astelehen eta ostegunetan 20:00etatik 21:00etara).