Erabakita gelditu dira asteazkenetik gaur arte iraun duen Pro Zarautz surf txapelketako irabazleak. Final handien ostean, sari banaketaren txanda iritsi da. Zarauzko Ihintza txistulari taldeak girotu du sari banaketa, eta lehenengo aipamena surflari zarauztarrentzat izan da. Hodei Collazo, Aritz Aranburu eta Nadia Erostarbe saritu dituzte bertako surflarien artean, maila onena eman dutenak izan direlako.
Nesken txanda izan da ondoren. Bigarren postua eskuratu duen Leticia Canales igo da lehenengo oholtzara, eta ondoren, Pauline Ado irabazleari eman dizkiote txekea eta txapela. Maxime Huscenot izan da oholtzara igo den hurrengoa, bigarren sailkatuaren eta altuen puntuatutako olatuaren saria jasotzera. Azkenik, Jorgann Cusinet reuniondarrari eman diote 10.000 dolar estatubatuarreko saria, baita txapela ere.
Bukatzeko, tradizioari eutsiz, agurra eskaini diete lau finalistei, eta bi irabazleek txanpain botilak astinduz itxi dute aurtengo surf txapelketa.