Pro Zarautz 2018

Pauline Ado eta Jorgann Couzinet txapeldun Pro Zarautz txapelketan

Zarauzko Hitza 2018ko api. 8a, 16:57

Lau finalistei agurra egin diete sari banaketan. (Amaia Urbieta Arruti)

Gaur goizean jokatu dituzte Pro Zarautz txapelketako final erdiak eta finalak. Gizonezkoetan, Reunion uhartetik iritsitako Jorgann Couzinetek lortu du txapela, eta emakumezkoetan, berriz, Pauline Ado lapurtarrak.  Final erdietan olatu politak izan dituzten arren, finalean itsaso zailagoari egin behar izan diete aurre surflariek eta asko mantsotu da lehia.

9:00etan sartu dira itsasora Pauline Ado eta Garazi Sanchez euskaldunak, eguneko lehen final erdia jokatzera. Hendaiarrak sopelarra garaitu du, hala, final handirako sailkatuz. Jarraian, Leticia Canales Sopelarra lehiatu da Camilla Kemp portugaldarraren aurka, eta, bigarrengoan, sopelarra gailendu da.

Gizonezkoak sartu dira ondoren uretara, hain zuzen ere, Vicente Romero eta Jorgan Couzinet. Zeharkako haizea ibili bada ere, biek surferako trebezia handia erakutsi dute, reuniondarrak, batez ere. Bigarren final erdian, Maxime Huscenot reuniondarra Jose Gundensen aurka lehiatu da, lehia hau estuagoa izan bada ere, finalerako bigarren sailkatua Huscenot izan da.

11:00 inguruan hasi da lehen final handia. Itsasoaren kalitateak asko zaildu die surflari euskaldunei lana, eta azkenean, Pauline Adorentzat izan da garaipena. Gizonezkoen finalean ere itsaso nahasia izan dute, baina hala ere reuniondarrek emanaldi ederra eskaini dute. Couzinetek eskuratu du txapela.

Bi irabazleek, 10.000 dolar estatubatuarreko balioa duen txeke bana irabazi dute, eta Maxime Houscenotek, Oakley saria irabazi du, txapelketako altuen puntuatutako olatuagatik, 9,77ko olatu batengatik. Horrez gain, Nadia Erostarbe, Hodei Collazo eta Aritz Aranbururi aipamen berezia egin diete, txapelketan lan txukunena egin duten herriko surflariak izateagatik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide