Marea altua eta olatu frekuentzia murritza izan dira emakumeen final zortzirenetako ezaugarri nagusiak. Bihar jokatuko dituzten final laurdenetarako sailkatu diren surflariak Pauline Ado, Marion Philippe, Garazi Sanchez, Carol Henrique (aurreko urteko txapelduna), Teresa Bonvalot, Camilla Kemp, Mikaela Greene eta Leticia Canales izan dira.
Gizonezkoen gaurko lehen deia 16:00etan bazen ere, olatuen beherakada dela eta, gizonezkoen final zortzirenak biharko finkatu dira. Goizeko 8:00etan egin diete deia. Bertan lehiatuko dute Aritz Aranburu, Hodei Collazo eta Imanol Yeregi eskualdeko kirolariek.
Zarauzko hondartza leporaino beteta, arratsaldean lehiarik egon ez bada ere talde txapelketa dibertigarri batekin amaitu dute jardunaldia. Txapelketako parte hartzaileak, 6 taldetan banatuta, ikuskizun polita eskaini diete inguratu diren guztiei.