Olatu onak zeuden aurreikusita, eta bete egin dira aurreikuspen guztiak Pro Zarautz Txapelketako lehen jardunaldi honetan. Olatuen garaiera izan da World Surf League, Qualifying serieseko protagonista, bi metrotarainokoak ikusteko aukera izan baitute bertaratu direnek. Hala ere, aldea egon da goizetik arratsaldera, izan ere, egunaren lehen orduetan, marea goian zegoenean, arratsaldean baino errazagoa izan da lan txukun bat egitea.
Gizonezkoen kategoriarekin abiatu da txapelketa, goizeko 8:00etan. Egun osoan zehar protagonista izan den Igor Munianek izan du lehen olatua surfeatzeko ardura. Muniainekin batera, Adur Amatriain izan da ahoz aho ibili den beste izenetako bat. 14 urterekin, surflari gazteak saio bikaina egin du, lehen bi errondetako lehiak erraz gaindituz eta Zarauzko harrobiaren maila eta indarra erakutsiz. Ruben Vitoria (Las Américas Pro Tenerifeko txapelduna eta Europan hirugarren sailkatua), berriz, adituen harridurarako, kanporatua izan da; Igor Muniainen eta Marc Lacomaren aurka jokatu duen lehian.
Bukatzeko, Gony Zubizarreta eta Hodei Collazo dira adituek nabarmendu dituzten beste bi izen, biek publikoari ikaragarrizko surf erakustaldia eskaini baitiete beren errondetan aurrera eginez.
Gaur, emakumeen txanda
Lehen check ina gizonezkoena izango da berriro ere, 8:00etan abiatuko dira eta hirugarren errondako mangak lehiatzen jarraituko dute. Goizeko 11:00tan, berriz, bigarren check ina izango da eta emakumeen lehia hasiko da. Ainara Aymat eta Nadia Erostarbe zarauztarrek parte hartuko dute bertan. Olatuei dagokienez, gaurtik larunbatera artean orain artekoak baino olatu eta eguraldi hobeak espero dira.