Zehaztu dute Itzuliko txirrindularien zerrenda ofiziala

Zarauzko Hitza 2018ko apirilaren 1a

Gaur Zarauzko udalbatzarrean egin duten bilerako une bat (Itzulia Basque Country)

Gaur arratsaldean bildu dira Zarauzko udalbatzarrean Itzulian parte hartuko duten kirol zuzendariak. Talde bakoitzeko bi ordezkari eta nazioarteko epaile tekniko guztiak elkartu dira, Gianluca Crocetti buru zutela. Udal ordezkariak ere egon dira. Ikusi hemen dortsalen zerrenda ofiziala.

2018ko Itzulia Basque Country-ri hasiera eman baino lehen, tradizionala den kirol zuzendarien bilera egin dute gaur 16:00etan. Zarauzko udalbatzar aretora gerturatu dira talde bakoitzeko bi ordezkari eta epaile tekniko internazionaleko kide guztiak, bere zuzendari Gianluca Crocetti buru zutela.
 
Bertan egon dira beste hainbat lagun ere: Zarauzko alkatea, Xabier Txurruka; Ocetako zuzendaria, Julian Eraso; antolakuntza zuzendaria, Javier Riaño; nazioarteko komisarioak diren Miguel Arantzabal eta Catherine Gastou; antidopaje inspektorea, Jorge Gonzalez; eta Kiko Garcia, Radio Itzulia egingo duena.
 
Bihar hasiko den lasterketan parte hartuko duten txirrindularien zerrenda ofiziala zehaztu dute bileran. Baita hainbat aspektu tekniko erabaki ere. Adibidez, taldeko ibilgailuen ordena.

Xabier Txurruka: "Ohore handia da"

Xabier Txurrukak azaldu du "ohore handia" dela Zarautz izatea 1. etapako bai irteera bai helmuga, eta 2. etapako irteera. "Espero dugu inguruko jende asko etortzea bihar, jaieguna delako eta dirudienez, eguraldi ona egingo duelako", esan du alkateak.
 
Bestalde, Jorge Gonzalez Peña, antidopin kontrolaren araduradunak, gogorarazi du urtero bezala etapa bakoitza amaitu ostean egingo dela  kontrola: "Etapako irabazleak eta zozketa bidez hautatutako txirrindulariek egin beharko dute kontrola".
 
Azkenik, antolatzaileek adierazi dute ingurumena zaintzeko neurri batzuk hartu direla, errepidera zaborrik bota ez dadin. Hala, etapa bakoitzean bi ekozona jarri dituzte: lehenengoa, anoa gunea eta gero, eta bigarrena, helmugatik 20 kilometrotara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide