Zarauzko Arte eta Historia museoak ordutegi zabalagoa izango du Aste Santuan, Zarauzko lehen nekropoliaren indusketa arkeologikoa ezagutzeko. Hala, apirilaren 8a bitartean, museoa bisitatu eta bisita gidatuak egiteko ondoko ordutegi eskaintza egin du: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 16:00etatik 18:00etara. Bisita gidatuei dagokienez, asteartetik larunbatera 12:30ean eta 16:30ean eskainiko dira eta, igandeetan, 16:30ean. Bestalde, museoko arduradunek gogorarazi dute parrokia ikustaldi gidatuekin bakarrik bisitatuko dela.
Nekane Iribar Kultura zinegotziak ohar bidez adierazi du, "Zarauzko kultur ondarea ezagutzeko aukera bikaina" dela hau: "Ikusgarria da benetan Parrokiako kanpandorrearen zoruan egindako indusketa lanetan aurkitutako lehen nekropolia. 1.000 urte baino gehiago dituen zarauztarron hilerria da, eta museoak bisita gidatuak egiteko ordutegi berezi hau eskaintzea aukera paregabea da gure ondarea ezagutzeko. Gainera, dorreaz kanpo egin ziren indusketen emaitzak ezagutzeko aukera ere izango da bisita gidatu hauetan, hau da, parrokiaren lur zoruan aurkitutako erromatar garaiko etxebizitza eta duela 2.500 urteko aztarnak. Benetan ikusgarriak dira eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditut bisita gidatu hauek egitera”.
2002 eta 2005 urteen bitartean parrokiako zoruan egindako indusketetan aurkitutako aztarnen artean, duela 2.000 urteko euskal kostaldeko aztarna kopuru paregabea aurkitu zuten. Besteak beste, zeramikak, txanponak eta bitxiak.
Nekropolia garbitu du Aranzadik
Bestetik, Udalak jakinarazi du Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek nekropolia garbitzen eta prestatzen jardun dutela. Teknikariek egindako lana kontatu dute: "Oso gune berezia da, oso delikatua, modu zehatzean egin behar den lana baita hilerriaren eta eskeletoen garbiketa. Xurgagailu eta brotxaz burutzen den lana izanik, ez zaie inolako produkturik aplikatzen, ez hezurrei ezta lurzoruari ere, aztarnategia kaltetu ez dadin. Hezurdura horiek, denbora luzez, lur azpian egon dira, 1.000 urtez, eta, lur azpitik azaleratzean, hezetasun eta tenperatura aldaketei egin behar izan diete aurre. Hezetasun eta tenperatura aldaerek kontserbaziori eragin die, eta, ondorioz, kontrol zehatza behar izan dute, haien iraupena bermatzeko", azaldu dute.
Aranzadi elkartekoek zehaztu dutenez, bi teknikarik bi egun osoko lana behar izan dute, 30 metro koadroko gunea garbitzeko eta bisitarako prest uzteko.
Bisiten eta museoaren inguruan informazio gehiago nahi duen pertsona oro Zarauzko Arte eta Historia Museoarekin harremanetan jar daiteke telefonoz, 943-835281 zenbakira deituz edo Internet bidez, info@menosca.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz.