Udalak 4 milioi euroko superabitarekin itxi du urtea

Zarauzko Hitza 2018ko martxoaren 24a

Osteguneko osoko bilkura (Zarauzko Udala).

2017ko likidazioaren balorazioa "oso positiboa" dela nabarmendu du Ogasun zinegotzi Jesus Aranak, egonkortasun eta finantza iraunkortasun aldetik "helburu guztiak bete" dituelako.

Zarauzko Udalak 2017ko aurrekontuaren likidazioa onartu zuen osteguneko osoko bilkuran, eta 4.146.654,09 euroko superabitarekin itxi du urtea. Egonkortasun eta finantza iraunkortasun aldetik "helburu guztiak bete" dituela azaldu zuen Jesus Arana Ogasun zinegotziak, eta "hortaz, indarrean genuen Plan Ekonomiko Finantziarioa amaitutzat ematen da". 40.659.000 eurokoa izan zen 2017ko aurrekontua, eta %86a gauzatu da, "gauzatze prontzentaje handia".

Sarreraren kapituluan, aurreikusitakoaren gainetik itxi dute urtea. Aurreikusitakoa baino %4,6 gehiago jaso du udalak zerga eta tasetan, eta ezohiko diru sarrera bat ere izan du: 1.150.000 euro jaso ditu, Mandabide 3an saldutako lokal bategatik. Salmentarekin lortutako dirua ondarea erosteko erabiliko dutela jakitera eman zuen Aranak: Maza lokala erosi dute, Turismo Bulego berria bertan jartzeko, eta "Mandabideko lokala salduz lortutako dirua ongi etorri zaigu erosketa hori ordaintzeko”.

Bestalde, gastu orokorretarako diruzaintza gerakina 8.278.589 eurokoa da. "Hori horrela izanik, 2017ko likidazioaren balorazioa oso positiboa da; diru sarrerak mantendu eta aurreikusitakoa hein handi batean bete dugulako".

 

Zorpetzerik ez

Zinegotziak azpimarratu zuen ez direla udala zorpetzen ari. Udalaren zor bizia %30ekoa dela, eta legeak zehazten duenarekin alderatuta urruti dagoela: "Legeak dio zorpetzea %77koa izan daitekeela eta, beraz, Zarautzen maximo horren erdiaren azpitik gabiltza". Udalak hainbat mailegu ditu, eta ordaintzeko geratzen diren mailegu nagusien batuketa 16 milioira jaitsiko dela.

"Zorraren aldetik ere egoera ona da eta Udala prest dago, behar izanez gero etorkizunean mailegu berriak eskatzeko. Aurrekontuaren likidazioak bete egiten du aurrezki garbi positiboaren helburua. Halaber, gastu araua betetzea nahiko zaila izaten da eta guk lortu dugu. Plan Ekonomiko Finantziarioa amaitutzat jotzen dugu. Kudeaketa arduratsua bultzatzen jarraituko dugu. Posible da diru kontu saneatuak izatea eta, aldi berean, herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu duten inbertsioak eta zerbitzuak bultzatzea", gaineratu zuen Aranak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide