Eulen Taldea lehen postuari eusten saiatuko da igandean Bergaran

Zarauzko Hitza 2018ko martxoaren 23a

Gabriel Silva da Lehendakari Torneoko liderra (Eulen Taldea)

Zarauzko txirrindulariak lider dira Lehendakari Torneoan bai taldeka, bai bakarka: Gabriel Silva taldekidea da aurrena sailkapen nagusian. Igande honetan dute hurrengo hitzordua, Gorlarako Igoera baitago, 10:00etan hasita.

Eulen Taldea buru-belarri sartuta dabil txirrindulari denboraldian. Igandean dute Lehendakari Torneoko hurrengo hitzordua, Bergara aldean. 10:00etan hasita, Gorlara Igoera lehiatuko dute. Taldeak jakinarazi duenez, 11 txirrindulari eramango ditu probara. Honako hauek: Bidaurreta, Gonzalez, J.Sarasola, M.Sarasola, Jaka, Gallego, Kortabarria, Etxabe, Muela, Silva eta Reyes.

Emaitza onari eutsi nahian

Sailkapen orokorrean lider da Eulen, bai taldeka, bai bakarka, Gabriel Silva taldekidea baitago lehen postuan. "Badakigu pelotoiko onenak etorriko direla Bergarara, eta lehen postuetan sartzea oso zaila izango dela, baina helmugara iritsi arte ezin da jakin", iritzi diote arduradunek prentsa oharrean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide