Deitura eta logo berriarekin aurkeztu dute gaur eguerdian 58. euskal txirrindularitza itzulia, Zarauzko malekoian atondutako karpan. Hain justu ere, malekoitik abiatuta hasiko da Itzulia Basque Country, apirilaren 2an. Sei etapa jokatuko dituzte, eta lehena Zarautzen hasi eta bukatuko da: 13:17an abiatuko dira txirrindulariak eta Villa Mundan helmugaratuko, 17:18-17:42 artean.
162,1 kilometroko ibilbidea osatuko dute, eta bi esprint nahiz bost mendate gainditu beharko dituzte. Etaparen lehen zatian Jazkibel eta Maddiola igo ondoren, eskualdeko kostaldean sartuko dira bete-betean: Orio, Getaria, Garate gaina, Zumaia, Aia eta Elkano auzotik igaroko dira, hurrenez hurren. Zarautzen helmugaratu aurretik, gainera, malda labur baina gogor bati egin beharko diote aurre: batez besteko %11,09ko aldapa duen Sekaderotik Elkanorako bidea, alegia.
Itzuliako presidente Julian Erasok eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak aipatu mendatea nabarmendu dute agerraldian. Erasoren hitzetan, «lehen etapako nobedade handiena izango da, lehen aldiz igoko baita txirrindularitza profesionalean. Horrek emango dio lehen liderra Itzuliari, eta lider hori indartsua izango dela pentsatzen dugu».
Txurrukak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Itzulia Zarauztik abiatzea, protagonismo berezia hartuko duelako herriak: «Aukera paregabea da bisitariek eta txirrinduzaleek Zarautz hondartza baino dezente gehiago dela ezagutu dezaten. Ikusgarria da Zarautz inguruan antolatu den etapa amaiera, bertako paraje berdeetatik eta Elkanoko igoera zirraragarriarekin».
Itzuliko bigarren etapa ere Zarauzko malekoitik abiatuko da, apirilaren 3an, 13:29an, eta Zumaiatik igarota, Bizkaia aldera joko du tropelak, Bermeon bukatuz. Azkenaurreko etapak, bosgarrenak, Gasteiz eta Eibar lotuko ditu, eta ibilbidean Urola Kostako barrualdea zeharkatuko du: Bergaratik etorrita, Elosuko eta Endoiako mendateak igoko dituzte txrrindulariek, eta bien artean esprinta izango dute jokoan Loiolan.
22 txirrindulari talde
Sei egunetako lehiaren ondoren, Eibar-Arrate etaparekin bukatuko da aurtengo lehiaketa, apirilaren 7an. Guztira, 22 taldek hartuko dute parte: World Team mailako hemezortzik eta Profesional Continentala mailako lau talde gonbidatuk; hau da, Cofidis Solution Credits, Caja Rural Seguros RGA, Euskadi Basque Country Murias eta Burgos BH taldeek.
Txirrindularien artean ere izen garrantzitsuak ariko dira nor baino nor: Mikel Landa, Nairo Quintana, Vincenzo Nibali, Egan Bernal, Michael Matthews, Rigoberto Uran, Bauke Mollema eta Richie Porte, batzuk aipatze aldera.