Noiz sortu zen Danda Gazte Asanblada eta zergatik?
Jone Alberdi: Dena aurreko udan hasi zen. Azken Portuko festak bertan behera gelditu ziren udalaren neurriengatik, bortxaketen aurka inoiz baino jende gehiago atera zen kalera... Horrek guztiak giro berezi bat sortu zuen herritarron artean, baina gazteok gehien mugiarazi gintuena izan zen Gurekin Jairen jardunaren amaiera. Beraz, hasieran bildu ginenon asmoa zen lekukoa hartzea eta jai batzorde berri bat sortzea.
Mayi Saizar: Azken Portukoa izugarria izan zen. Aspaldiko manifestaziorik jendetsuena bizi genuen. Horrez gain, abuztuan izan zen 40 Principalesen kontzertuan ere horrelako ekintzekin sustatzen zen turismo eredua salatzen zuen pankarta atera zuten zenbait gaztek, eta entzutetsua izan zen ekintza.
Aintzira Bastarrika: Giroan aldaketak nabaritzen hasi ginen, eta hasieran kuadrilla ezberdinetan sortu zen ideia bat izan zen asanbladarena. Interesa geneukanok whatsapp talde bat sortu genuen, eta apurka-apurka sumatzen genituen hutsune horiek bete ahal izateko antolatzen hasi ginen.
Nolakoa izan zen hasiera? Espero zen erantzuna jaso al zenuten jendearengandik?
J.A.: Oraindik hasierako fasean gaudela esango nuke, baina egin genuen lehenengo gauza izan zen Gurekin Jaiko kideei beren jarduna eskertzeko Euskal Jai Eguneko txosnagunean pankarta bat eskegitzea. Abuztuaren amaiera aldera sortu genuen whatsapp taldea gutxi batzuek, gazteok herri ekimenetan geneukan parte hartze eskasak bultzatuta.
A.B.: Lehenengo bilerak Euskal Jai Egunaren ondoren hasi ziren, Gurekin Jaik bere jarduna amaitu zuenean. Udazken horretan deialdi ireki batzuk egin genituen. Kuadrilla Egunean ere eskuorri batzuk zabaldu genituen talde bat sortzen ari ginela iragarriz.
J.A.: Sortzen hasi ginenerako, giroan igartzen zen zerbait handia egiten ari ginela. Lehenengo bileretan hirurogeita hamar gazte inguru elkartzera iritsi ginen. Hasieran, bilerak kalean egiten genituen, eta bisualki oso irudi indartsua ematen genuela esango nuke.
Indartsu hasi zineten, beraz, baina nolakoa da egoera hilabete batzuk geroago?
A.B.: Nabarmena da jende kopurua asko jaitsi dela. Baliteke jendeak hasieran beste ideia bat izatea, asko jakin-min hutsak bultzatuta hurbildu baitzen lehen bileretara. Kopurua aldakorra den arren, gaur egun asanbladetan hogei lagun inguru elkartzen gara. Baina gehiagok ala gutxiagok parte hartu, askoz gazte gehiagok osatzen dugu Danda Gazte Asanblada.
M.S.: Esango nuke orain arte herri mugimenduan asko ibili ez den jendeak hartu duela protagonismoa Dandan. Dena den, Gurekin Jaiko hainbat kide ere etortzen dira asanbladetara.
A.B.: Gainontzeko eragileetako kideak ere etortzen dira asanbladetara, baina bigarren plano batean mantentzen dira. Kontziente dira beraien iritziak gehiago eragin dezakeela, aurretik izan duten esperientziagatik. Aipatzekoa da Dandako hainbat kide ere beste zenbait eragilerengana hurbiltzen ari direla. Beraz, esan daiteke hainbat eragileren arteko saretzea gertatzen ari dela.
Beraz, esango zenukete Danda sortu aurretik Zarautzen gazteak geldi zeudela?
M.S.: Bai, oso geldi. Oraindik ere bakoitzak bere lokala eta bere kuadrilla ditu, eta zirkulu itxi horretatik ez dira ateratzen.
J.A.: Izaera itxi horrek kuadrillen arteko harremanak oztopatzen ditu, baita belaunaldien artekoak ere. Beraz, aisialdirako ohitura alternatiboak topatu nahi genituen, eta, harrezkero, inertziaz jokatu dugu biltzen eta antolatzen jarraituz.
Hasieran festak antolatzeko biltzen hasi zinetela esan duzue, baina gaur egun gazte asanblada bat zarete.
A.B.: Festak antolatzeaz gain, herriak bestelako beharrak ere bazituela ikusi genuen, eta bileretan biltzen ginenetako askok ezinegon berberak genituela. Beraz, gai ezberdinak landuko dituzten lantaldeak sortzea erabaki genuen.
Orain, bi larunbatean behin biltzen gara Putzuzulo gaztetxean, 10:30ean. Asanbladak irekiak dira, hurbildu nahi duenarentzat. Lantaldeei dagokienez, herri eredua lantzen duen lantaldea eta festak antolatuko dituen lantaldea dabiltza martxan [azken hauek San Pelaio festak prestatuz], eta erabaki garrantzitsuak larunbatetako asanbladan hartzen badira ere, independenteki funtzionatzen dute.
Zer egin duzue orain arte?
M.S.: Herri eredua lantzen ari den taldeak hitzaldi bat antolatu zuen langile babes-sareen inguruan. Putzuzulon izan zen, eta Hernaniko langileen babes-sareko kideak izan ziren beraien esperientziak azaltzen.
J.A.: Aste honetarako ere tailer bat antolatu dugu, kosmetiko naturalen inguruan. Dandako jardunaldiak ere egin genituen, landu nahi genituen gaien inguruan beste dinamika batzuekin eta lasaiago hausnartzeko. Hortik sortu ziren gaur egun martxan dauden bi lantaldeak.
A.B.: Festa egun batzuk ere antolatu ditugu: gure artean hobeto ezagutzeko Danda Eguna antolatu genuen, urte zahar gauean gaztetxea ireki genuen...
Zertan eragin nahiko luke Dandak etorkizunean?
J.A.: Beti esaten dugu, orain daukagun horretatik abiatuta, herri honetan bizi ahal izateko eredu alternatibo bat eraikitzeko urratsak egin nahi ditugula. Betiere, gazteon ikuspuntua ardatz harturik.
A.B.: Ezinegon hauek sentitzen dituen beste edozein gazte dago gonbidatuta asanbladetara etortzera, bi larunbatean behin, Putzuzulo gaztetxera.
Zein da herritarrengandik jaso duzuen erantzuna?
A.B.: Udala oso interesaturik dago gurekin elkarlanean jarduteko, eta gainontzeko eragileek ere poz handia hartu dute, gure belaunaldia apur bat esnatzeko garaia bazela esaten digute denek.