Zarauzko PSE-EE alderdiak antolatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak eta Etxebizitza eta Arkitektura zuzendari Pablo Garcia Astrainek hitzaldia eskainiko dute ostiral arratsaldean. Saioa Zazpi kulturgunean izango da, 19:30ean hasita, eta EAEko eta Zarauzko etxebizitza politika izango dute hizpide, Zarauzko sozialisten idazkari eta udaleko bozeramaile Gloria Vazquezek gidatuta.
«Euskadiko etxebizitza politikaren arduradun nagusia gonbidatu dugu, zarauztarrek lehen eskutik ezagutu dezaten sailburuak dituen helburuak, baita Zarautzen etxebizitza arloan aurreikusten diren ekintza zehatzak ere», adierazi du Vazquezek. Era berean, nabarmendu du etxebizitzaren garestitasuna eta alokairuzko etxebizitzak lortzeko zailtasuna «gure herriaren arazo larrienetako bat» dela. Hain justu ere, gai hori jorratuko dute gonbidatuek, eta herritarrek beraien kezkak partekatu ahal izango dituzte haiekin.
Zarauzko sozialisten idazkariak hitzaldian parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak. Ekitaldiaren ondoren, pintxo batzuk janez solasaldia luzatzeko aukera izango da Ezkertokin.