Rafael Munoa artista donostiarraren margolanen erakusketa zabaldu zuen Donostiako Untzi Museoak urte bukaeran. Artistak 1763an Getaria eta Zarautz artean izandako bi baleen harrapaketa irudikatu zuen bederatzi horma-iruditan, eta horiexek daude erakusgai, apirilaren 29a bitartean. Getariako udaletxeko ganbaran topatu zituzten Munoaren margolan horiek, baina ez dute aurkitu idatziz noiz margotuak izan ziren. «Getariako edadetuak oroitzen dira duela 50 bat urte erakusketa bat antolatu zela herrian, hain justu ere, margolan horiekin. Ziur aski 1963an antolatuko zen, balea harrapaketa haren bigarren mendeurrenerako margotu zituen», adierazi du Xabier Alberdi Untzi Museoko zuzendari zientifikoak.
Joan Sebastian Elkanoren lehen mundu biraren V. mendeurrenaren proiektuarekin lanean ari zirela azaldu ziren irudiak. «Ikusi zen oso margo politak zirela, istorio ederra kontatzen zuela eta egilea bera ere ez zela nolanahikoa. Faktore horiek kontuan hartuta, Untzi Museotik pentsatu genuen horiek erakustea gauza interegarria zela, hainbeste urtean hor bazterrean egondako margolan horiek berriro ikusmira jartzea. Hala, Getariako Udalari proposatu genion, eta horrelaxe jarri dira erakusgai», dio Alberdik.
Bi herri liskartuta
Zarautzen eta Getarian jakina da 1878ko balearen istorioa, bertsoak daudelako eta haren hezurdura Aquariumean dagoelako jarrita. 1763koa, ordea, ez da hain ezaguna. «Historiaz-eta artxibate- gietan jarduten garenok bagenuen kasu horren berri», azaldu du: «Tolosan, Gipuzkoako Artxibategian dago zarauztarren eta getariarren arteko auziaren dokumentazioa. Bertan deskribatzen dira gertakari horiek guztiak, nola bi herrietako arrantzaleak liskartu ziren balea horien harrapaketaren inguruan».
Nahiko ohikoak izaten ziren balea harrapaketaren inguruko liskarrak, historian zehar «auzi sortzaileak» izan baitira. Izan ere, «normalean tripulazio batek baino gehiagok hartzen zuen parte harrapaketan, eta ontzi batek baino gehiagok parte hartzen dutenean interes kontrajarriak sortzen dira. Hortik sortzen ziren istiluak. Gainera, parte hartu zutenak bi herri ezberdinetakoak baziren, hor jada osagai guztiak dituzu liskarra sortzeko», kontatu du Alberdik. Hala, Getariaren eta Zarautzen arteko «lehia historiko» horretan, 1763koa beste gertakari bat gehiago dela dio.
Kasu horretan, bi balea izan ziren: balea ama eta haren kumea. Talaieroek baleak ikusi zituztenean, bi herrietatik ontziak atera ziren. Zarauztarrak iritsi ziren lehenengo, eta bi balea zirela ikusi zutenean, handienaren bila abiatu eta arpoiarekin jo zuten. Getariarrak iritsi zirenean, kumea jotzeari ekin zioten; batetik, harrapatzeko, eta, bestetik, balea amak bere kumea babesteko ahaleginean, zarauztarren estatxak hautsi nahiz sokak eten eta beraiengana gerturatzeko. Halaxe gertatu zen, eta getariarrek biak harrapatu zituzten.
Partiketa egiterakoan sortu zen arazoa, eta, azkenean, auzitan bukatu zuten bi herriek. «Artikora edo Iparraldeko uretara joaten ibili ziren Gipuzkoako baleontziak. 1654an egin zituzten azken bidaiak, eta ia hamar urte ziren Gipuzkoan ez zela balea harrapaketa profesionalik egiten. Gainbeheran zegoen, erabat desagertzear. Auzi honek duen gauza interesagarria da: zarauztarrek eta getariarrek lekukoak aurkeztu zituzten, bale haien etekina nola banatu behar zen erabakitzeko, eta lekukoetan egon ziren Artikoko balea harrapaketetan ibilitako azkenak. Haiek kontatuko zuten halako egoeretan nola partitzen zuten balea».
Azkenean, getariarrek irabazi zuten, baina auzia bera historikoki interesgarria bezain aberatsa dela nabarmendu du Alberdik, harrapaketari buruzko informazioa emateaz gain, balea arrantzaleen testigantza jasotzen duelako. Erdi Arotik zetorren mundu eta ofizio baten amaiera irudikatzen duen auzia dela dio, eta ondoren, oso balea gutxi harrapatu zituztela.
Gertakariei buruzko hitzaldia apirilaren 15ean
Balea ehizaren inguruko liskarrak, 1763 eta 1878 urteetako gertaerak izeneko bisita-hitzaldia antolatu dute apirilaren 15erako, Donostiako Untzi Museoak eta Aquariumek elkarlanean antolatuta.
Untzi Museoko erakusketa eta Aquariumeko 1878an harrapatutako balearen hezurdura oinarri hartuta, balea arrantzak euskal kostaldeko herrien artean izandako liskarren inguruan arituko dira Xabier Alberdi eta Alex Larrode. Hitzaldiak bi zati izango ditu: Untzi Museoan hasiko da, 1763ko kontuak azaltzen, eta, ondoren, Aquariumera pasatuko dira, 1878koekin jarraitzeko.
Saioa 11:30ean hasiko da, eta jarduera elebiduna izango da. 25 lagunetara mugatu dute parte hartzea, eta apirilaren 11 baino lehen egin behar da erreserba untzimuseoa.eus helbidearen bitartez.