Edurne Epelde mugimendu feministako kidea gustura agertu da herritarrek egunari emandako erantzunarekin. "Egoera antzekoan dauden emakumeak autonomoki antolatu dira, eta ohikoak ez diren iniziatiba mordoa ikusten ari gara. Izan ere, askok bere sentitu dute egun honetako aldarrikapena, eta jendeak aprobetxatu egin du aukera hau mobilizatzeko eta aldarrikatzeko". Epeldek azaldu du gaurkoa ez dela ohiko greba egun bat, eta helburua ez dela izan dendak eta tabernak ixtea. "Hain zuzen, zerbitzuen sektorean emakume askok egiten dute lan modu prekarioan, eta ez ditugu derrigortu nahi greba egitera".
Prekarietate hori agerian uzteko, ordea, kafe tertulia bat egingo dute 16:00etan, "bereziki greba egiterik izango ez dutenei buruz, zaintzaileei buruz".
Mugimendu feministak eskaini duena izan da "gune egonkor bat", emakumeak biltzeko. "Ederra izan da ikustea goizetik bertan elkartzen 60 urtetik gorako emakumeak, eta eguerdian egin dugun giza katea oso jendetsua izan da, batez ere emakume asko etorri da".