20 eta 32 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean, ustez Batzokian (Balea kalea) lapurreta egiteagatik. Ertzaintzak jakitera eman duenez, gertakaria 04:30 aldera izan da, eta elkarteko sarreretako bat behartuta eta barrukaldea dena nahasita topatu dute. Elkarteko ordezkariek ertzainei azaldutakoaren arabera, hiru kreditu txartel eta haietako biren PIN kodea hartu dituzte.
Behin lapurretaren berri izanda, agenteek bi lagun ikusi dituzte era susmagarrian Bizkaia kaleko kajero automatiko batean, eta haien ibilia jarraituz, Araba kalean identifikatu dituzte. Bien bitartean, ertzainek kreditu txarteletako bat topatu dute kajeroko paper ontzian, PIN kodearekin eta 300 euro atera dituztela zehazten duen ziurtagiriarekin. Horrez gain, kajeroaren beste ziurtagiri bat zegoen, lapurtutako beste txarteletako batekin 150 euro atera dituztela zehaztuz. Hori dela eta, bi gizonezkoak atxilotu dituzte.
Bestalde, Zarauzko EA alderdiak bere twitter kontuan adierazi duenez, norbait Alkartetxean sartzen saiatu da gauean, eta hainbat irudi egin ditu publiko, sarrerako atea behartzen saiatu direla ikus daitezkeenak.