1862ko Zarauzko margolanak jasotzen dituen liburua argitaratu dute

Zarauzko Hitza 2018ko martxoaren 7a

Idoia Etxebarria udal liburutegiko langilea eta Nekane Iribar Kultura zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Valentin Cardererak eginiko akurelen eta apunteen liburua kaleratu du Fernando el Católico erakundeak, eta bi ale oparitu dizkio udalari; Sanz Enea liburutegian daude ikusgai. Bertan ezezagunak ziren herriko eraikin eta toki esanguratsuen irudiak ageri dira.

Los álbumes de Pedrola. Apuntes y acuarelas de Valentín Carderera en los álbumes del palacio de los duques de Villahermosa de Pedrola liburua argitaratu du Zaragozako Diputazio Probintzialeko Fernando el Católico erakundeak, eta bertan orain arte ezezagunak ziren 1862ko Zarauzko irudiak agertzen dira. Gainera, erakundeak argitalpenaren bi ale oparitu dizkio Zarauzko Udalari, Sanz Enea liburutegian erakusgai jarri dituztenak.

"Asko harritzeaz gain, pozez bete gaitu opariak, ez baigenekien existitzen zenik. Oso ederrak dira irudiak eta batzuk oso deigarriak; esaterako, Narros jauregiko jardinean pertsona batzuk txalupa batean agertzen direna”, nabarmendu du Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek.

Valentín Carderera XVIII. mende bukaeran jaiotako bildumagile, arkeologo, pintore eta idazle bat izan zen, eta Villahermosa dukeen kolaboratzaile izan zen. Balio artistiko eta interes dokumental handiko akuarela eta apunte asko utzi zituen, bi bildumatan, eta horiexek argitaratu dituzte orain, 143 akuarela eta marrazkirekin. Carderera Zarautzen izan zela denboraldi batean gutxienez, 1862an, dukeekin batera, eta ziur aski garai hartan egin zituen Zarauzko margolanak.

Herriko eraikin eta toki esanguratsuen irudiak azaltzen dira liburuan, denak Villahermosako dukeekin zerikusia dutenak: Narrosko jauregia, dukeen etxea [egun desagertuta dagoena], Torre Luzea, Santa Klararen eta frantziskotarren komentuak, eta parrokia-eliza. Beste irudi fin batzuk ere azaltzen dira: Zumaiako eta Azkoitiko eraikinak, Loiolako San Inazioren jaiotetxea eta Lili jauregia, besteak beste. Zinegotziaren esanetan, “garrantzi handiko obra bat da, izan ere, irudi horietako batzuk noiz edo noiz erreproduzitu badira ere, orain arte inoiz ez dira jendearen eta ikertzaileen eskura egon".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide