N-634 errepidean, 27,062 eta 27,130 kilometroen artean eta Zumaiako Santiago hondartzako tunel artifizialaren ondoan, luizi handi bat gertatu zen otsailaren 3an. Egun horietako euri jasa indartsuek bereziki, eta negu osoko euriteek orokorrean, eragin zuten mendiko lur zatia jaustea. Luizi horren ondoren, berehala itxi zuten Getaria eta Zumaia arteko kostako errepide zatia, eta lur jausia gertatu zen tokia egonkortzeko lanak hasi zituen. Orain, hilabeteren ondoren, errepidearen bide bat zabalduko dute, trafikoa semaforo bidez erregulatuta.
Aldundiko teknikarien arabera, “luiziaren goialdea aztertu ondoren, egiaztatu zen arrisku larria zegoela berriz ere errepideko plataformara materialak erortzeko. Horrenbestez, errepidea itxi egin zen, eroritako lurra kentzeko eta eremua egonkortzeko beharrezko neurriak hartzeko”.
Foru Aldundiak hasitako obraren oinarria egonkortze lanak dira eta bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, mendi magalera ura erori ez dadin, zanga drainatzaile bat eraikiko dute. Beste aldetik, lur mugimendu berriak gerta ez daitezen, lur-erauzketako ezpondaren gainaldean, hormigoizko habe bat eta harri lubeta bat jarriko dituzte. Lan guzti horiek obraren lehen fasean egiteko asmoa dute. “Bigarren fasean, altzairuzko sare bat jarriko da buloi bidez ainguratuta; era horretan, mendi magalaren beheko aldean dagoen lur-erauzketako ezponda egonkortzeko”, azaldu dute teknikariek. Hain zuzen, bigarren fase horretako lanen atarian zabalduko dute Getaria eta Zumaia arteko Kostako errepidearen bide bat. “Bigarren fasean sartzearekin batera, eta arazorik ez badago, martxoaren 9an zabalduko dugu errepidearen bide bat. Trafikoa semaforo bidez erregulatuko da”, gaineratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek. Lan denak hiru hilabeteko epean bukatzea aurreikusi dute, beti ere eguraldiak laguntzen badu.
Lanen aurrekontua 538.749 eurokoa da, “beharrezkoak diren lanen aurrekontua da, ez gehiago, ez gutxiago”, baieztatu dute.
N-634 errepidea itxita dagoela, erabiltzaileek A8 autobidea edo Oikiakoa hartu dute. Erabiltzaile askoren kexa, ordea, Oikiako errepidearen egoera da. Aldunditik esan dute, zuloak “ohiko artapeneko lanen barruan” konponduko direla.