Sukaldetik euskarari lagunduz

Zarauzko Hitza 2018ko martxoaren 7a

Errigoraren udaberriko kanpaina abian da; atzo hasi zen eta martxoaren 20a bitartean egin daitezke eskaerak.

Zubi bat sukaldera leloarekin abiatu du Errigorak aurtengo Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Atzo hasi zen eskaerak egiteko epea eta martxoaren 20ra arte bitartekoa izango da. Errigora elkarlana lanabes duen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta «euskara ofiziala ez den zonaldean» eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako. Ateratako etekinarekin euskalgintza laguntzearekin batera, bertako produktuak eta ekonomia sustatzen ditu egitasmoak.

Lelo berriarekin abiatu dute kanpaina, baina planteamendua betikoa izango da: oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatu ahal izango dira euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan. «#ESKUTIKeskura sukaldearen eremu partikularra gainditzeko proposamena da. Sukaldera zubi bat sartzeko formula bat, eta sukaldetik zubi bat irtetekoa. Norbere sukaldea gainerakoekin lotzeko bidea. Errigoraren inguruan sortu dugun komunitatearekin bat egiteko era», azaldu dute Errigoraren sustatzaileek kanpaina berriaren hasieran.

Iaz bezala, olioa eta kontserbak, biak aldi berean eskatu beharko diren arren, jaso eta ordaindu bi txandatan egingo da: apirilean olioa eta ekainean kontserbak.

Errigoraren xedea da Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak salduz, hango euskalgintzari arnasa ematea. Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina 5. urtez egingo dute aurten. Bost urteotan komunitatea trinkotzeko balio izan duen ibilbide oparoa egin du Errigorak. Iaz, esaterako, 6.000 etxetara heldu zen Errigoraren Uztaberria.


320 kontsumitzaile inguru

Iazko kanpainan eskaria Urola Kostako 320 kontsumitzaile/familiak egin zuten. Horien artean, oliba olio birjina estraren 864 bidoi eskatu zituzten, hau da 4.320 litro (%60,5 konbentzionala eta %39,5 ekologikoa) eta 684 kontserba-sorta (%64 konbentzionala eta %36 ekologikoa).

Iaz bezalaxe, Errigorak abiatu duen kanpaina berrian ere olio oliba birjina (konbentzionala eta ekologikoa) eta kontserba sortak (pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki menestrak, potxak, tomate frijitua eta barazki krema; denak konbentzionalak eta ekologikoak aukeran) eska daitezke.


Eskaerak nola egin

Oliba olio birjina estra eta kontserba-sortak, denak aldi berean eskatu behar dira, martxoaren 20ra bitartean. Jaso eta ordaindu, berriz, bi alditan egingo da: oliba olio birjina estra apirilean jaso eta ordaindu beharko dute eskaera egiten dutenek. Kontserbak, aldiz, ekainaren hasieran.

Eskaerak egiteko bideak hiru dira: on line, Errigoraren webgunearen bidez (errigora.eus) edo esku orrien bidez herrietan jarri diren toki desberdinetan. Urola Kosta eskualdeko sei herritan (Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) eta hamabost tokitan jarri da eskaera egiteko aukera. Zarautzen, Eguzki taberna, Lakari, Salbatore Mitxelena Ikastola, Orokieta Herri Eskola, AEK euskaltegia eta Zarauzko Errigoraren gunea egin ahal izango da eskaera. Bestalde, sarean ere egin daiteke, errigora.eus webgunean.


Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide