Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

Ainhoa Murua: «Erditu bezperan kirola egiten aritu nintzen»

Ainara Arratibel Gascon / berria.eus 2018ko mar. 6a, 12:52

Ainhoa Murua, Rioko Olinpiar Jokoen ondoren herrian egin zioten omenaldian (Aritz Mutiozabal).

Goi mailako kirolean arituta, ama izatea erabaki duten bost kirolariren  esperientzia jaso du Ainara Arratibel  Gasconek, Berria egunkarian. Horien artean, Ainhoa Murua triatletarena.

Goi mailan segitu nahi badut, oso zaila izango da orain arte moduan izatea. Agian, beste mota bateko triatloiak egin beharko ditut». Ainhoa Murua triatloilaria (Zarautz, Gipuzkoa, 1978) duela hiru aste izan zen ama. Pozik mintzatu da bere bizimodu berriaz. «Disfrutatzen ari naiz». Aurrerago erabakiko du itzultzean zer egingo duen. «Ez diot neure buruari presarik sartu nahi. Izan ere, azkar ibiltzea ez da ona. Gorputzari entzun nahi diot, eta bere onera itzultzen utzi. Bularra ematea erabaki badut, pazientziaz hartu nahi dudalako da». Dena den, Rioko arantza kendu nahi du, min hartuta bukatu baitzuen: «Baina argi dago entrenatzeko ez dudala hainbeste denbora izango, eta ezinezkoa dela orain arte bezala ibiltzea. Izan ere, denbora asko eman behar izaten nuen etxetik kanpo, martxoa eta iraila artean». Munduko Serieak hasi berri dira, eta Abu Dhabin eta Bermuda irletan dira lehen bi probak. «Nik ez dut neure burua ikusten umea batetik bestera eramaten. Kasu askotan bi edo hiru hilabete egin izan ditut etxetik kanpo, eta hori, orain, ezinezkoa da».

Ahalko balu, Munduko Serie horietako proba zehatz batzuetan parte hartu nahiko luke. «Baina zaila da, horretarako munduko zerrendan ondo sailkatuta egon behar duzu. Puntuak behar dituzu. Adibidez, Rion txapeldun izan zen triatloilaria, Gwen Jorgensen, ama izan da. Hark maila handia du, eta ziurrenik izango du horretarako aukera». Dena den, horrek guztiak ez du kezkatzen une honetan: «37 urterekin nire kirol ibilbidean egin behar nuen guztia egina dut». Bikotekideak, berak baino garbiago du bueltatu egingo dela: «Animatu egiten nau, eta posible dela esaten dit. Egia esan, une oro nabaritu dut haren babesa, eta nire erabakiak eta momentuak errespetatu ditu. Berak triatloiak ere egiten ditu, eta ondo ulertzen nau».

Erreportaje osoa irakurtzeko: Berria.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide