Emakumeen Nazioarteko Eguneko kartela lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa zabaldu dute gaur, Torre Luzeko aretoan, eta, bide batez, sari banaketa ekitaldia egin dute eguerdian. Epaimahaiaren saria Myriam Cameros Sierrari egokitu diote, Kao lanagatik, eta 400 euro jaso ditu. "Irudikatu nahi izan dut zaintza eta ordaindu gabeko lanak egiten dituzten emakume horiek plantoa egingo balute zer gertuko litzatekeen. Proposamena arriskatua zen, normalean grafikoki edo bisualki hedabideetan ageri ez den emakumea delako", azaldu du Cameros Sierrak.
Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek adierazi du kartel irabazlea hautatzeko orduan beste bi kartel ere izan zituztela esku artean, eta "merezi du horiek ere aipatzea". Hala, bigarren postuan Jone Rekarteren ENE izenekoa geratu da, eta hirugarrenean Irene Gutierrez eta Karmele Gorroño bikotearen 1+1=8 diseinua. Guztira, 38 kartel aurkeztu dira aurten, eta, oro har, maila handikoak izan direla nabarmendu dute epaimahaiko kideek.
Epaimahaiaren sariaz gain, publikoarena ere eman dute. Facebook bidez, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak jarri zituzten erakusgai, eta, bertan, erabiltzaileen botoak aintzat hartuta, Luana Gabriela Gonzalez Cruzen Cartel 1 izan da irabazlea; 200 euro jaso ditu honek. "Emakume aske bat irudikatu naiz izan dut. Argazkia ateratzen ari den emakume bat ikus daiteke, begiratzen ari dena; emakume librea da, eta nahi duena izan daiteke, gaineratzen dizkiguten zama hori guztia gabe", zehaztu du Gonzalez Cruzek.