Abenduko udalbatzarrean aho batez onartu zen Zarauzko garraio publikoko zerbitzua doan erabiltzeko gehiengo adina bost urtetik seira zabaltzea. Aste honetan sartu da indarrean neurri berria, GAOn argitaratu eta alegazioetarako epeak amaitu ondoren. Beraz, aurrerantzean sei urtez azpiko haurrek ez dute ordaindu beharko herribusa erabiltzeagatik.
Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk azaldu du neurri hori Gipuzkoa osoan hartu dela. Era berean, ondorengoa zehaztu du: "Orain arte bost urtetik gorako haurrek MUGI txartela erabili behar zuten Gipuzkoako garraio publikoko autobus eta trenetara sartzeko. Neurri berri honekin, ez dute txartela erabili beharko sei urte bete arte".