Bi astetik behin, urritik maiatzera bitarte, joan deneko 74 urtean, itsasoak zeregin berezia dauka Zarautzen. Geratu egiten da malekoiko pareta ukitzera igo gabe, hondartza ikusgarri utziz futbolzaleen gozagarri. Aukera ematen die naturak itsasoaren bitartez hainbeste maite duten hori egiteko: futbolean jokatu. Trukean, Hondartzako Futbol Txapelketaren ikuskizunaz gozatu ahal izaten du itsasoak. Urak behean utzi, eta harmaila modukoa osatzen du, begira egoteko.
Zenbat ume eta heldu ez ote ditu ikusi 1944 hartatik, bakoitza bere ametsekin, bere ilusio eta desirekin, baloiari ostikoka hondar gainean. Horietako hiru dira Joxean Urbieta (Zarautz, Gipuzkoa, 1961), Maite Lizaso (Zarautz, 1983) eta Aitor Arregi (Getaria, Gipuzkoa, 1971). Hiru adibide baino ez askoren artean, baina hiru pertsona esanguratsu Zarauzko herriaren ikur hori zer den azaltzeko.
Urbieta antolakuntzan dabil orain, jokalari izan zen lehen, eta epaile ere bada. Lizaso jokatzen hasi da berriro denboraldi honetan, bere ibilbideari hasiera eman zion hondartzan, Lehen Mailan jokatu eta gero. Azkenik, Arregik ere dastatu zuen elitea, hondartzan aurreneko gozatuak hartu ondoren. Hirurek hitz bera erabili dute umetan hondartzako txapelketa jokatzea zer zen definitzean: «Amets bat zen».