EH Bilduk plangintza bateratu bat adosteko proposamena egin du Bizikidetza batzordean

Zarauzko Hitza 2018ko otsailaren 24a

Giza Eskubideen urraketa orori erantzungo dion plangintza osatu bat sortzea dute helburu. Biktima ezberdinen foroak eta Zarautzen gertatutakoaren inguruko ikerketa modu paraleloan egitea proposatu dute.

 

Zarauzko Udalean legealdi hasieran sortutako Giza Eskubide eta Bizikidetzaren batzordeak bi urte eta erdiko ibilbidea izan du. Bitarte horretan, aztertu beharreko denbora lerroaren urte tartea definitu dute: 1936tik gaur egunera artekoa. Horrela, garai horretan izandako "askotariko giza eskubideen urraketak" jaso nahi dira. Orain arteko ibilbide horretan, egun zehatz batzuen inguruan  "behar den bezala landu gabeko azken orduko kudeaketa eskasetan oinarritutako ekitaldi puntualak antolatu dira, alderdien artean eta norberak bere alderdian egin behar duen lanari inolako balorerik eman gabe".

Udal gobernuko kideek, euren artean adostutako ekitaldi bat proposatu diote EH Biduri: Martxoaren 11, “Terrorismoaren biktimen eguna”. Esan dutenez, gai honi buruz beraiekin hitz egingo zutela agindu zuten baina orduz geroztik ez dutenez berri gehiagorik izan, gaia "korrika eta presaka, modu desegokian" landu beharko denaren kezka dute.

"Jokaera horri" amaiera emateko Zarauzko EH Bilduk bere proposamen eta lan ildo zehatza aurkeztu die gainerako alderdiei: Giza eskubideen urraketa jasan duten biktimen espazio bat sortzea, foro horrek herrian gertatutakoak konpartitu eta hurkoarekin enpatiak sortzeko balio dezan.

EH Bilduk dioenez, Zarauzko herrian gertatutakoak jasoko dituen ikerketak kontuan izan beharko ditu orain arte argitaratutako informazioa, Forotik sortu litekeen informazioa eta orain arte argitaratu ez diren kasu posibleak. Alderdiaren iritziz, plan hori zehaztua izan arte Udal gobernuak ez lituzke ekitaldi isolatuak antolatu behar.

Planifikazioa egin aurretik ekitaldiren bat edo gehiago egitea ezinbestekoa ikusiko balu alderdiren batek (azpimarratu dute ez dela beraien kasua), ekitaldi horiek batzordean lantzen ari diren lanketari erantzun beharko lietekela esan dute, hau da, gertatutako biolentzia mota guztiak jasoko dituen ekitaldi programa adostu beharko litzatekeela.

Azkenik, halakorik edo antzekorik gauzatzeko alderdi guztien adostasuna ezinbestekoa izango dela aipatu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide