Preso baten seme-alaba izatea zer den kontatuko du gazte batek Putzuzulon

Zarauzko Hitza 2018ko otsailaren 22a

Dokumentaleko irudi bat

Hitzaldia astearte arratsaldean izango da, eta horren aurretik Motxilaren umea dokumentala ikusiko dute. Bestetik, larunbatean Ekaitz 0 km dinamikarekin jarraituko dute Musika plazan.

Aita edo ama preso duten umeengan jarri du fokoa Motxilaren umea dokumentalak, eta datorren astean Zarautzen ikusteko aukera egongo da. Zehazki esateko, asteartean 19:00etan emango dute Putzuzulo gaztetxean.

Solasaldia ere antolatu du Sare euskal presoen aldeko elkarteak dokumentalaren osterako. Eguzki Azkarate (Tolosa, 2001) gonbidatu dute, eta horrek bere azaletik kontatuko du zer den gurasoak preso edukitzea. "Espetxe politika honek eragiten duen egoera gordinetako bat da motxiladun haurrena, eta egoera horren eta beste hainbaten inguruan jarduteko aukera izango dugu", azaldu du Sarek.

Ekaitz 0 km

Bestalde, elkarteak jakinarazi du jarraitzen duela Ekaitz 0 km dinamikarekin. Larunbat honetan, esaterako, goizetik eguerdira Musika plazan izango dira, nahi duten herritarrek argazki bat atera dezaten. Asmoa zera da, lortzea Zarautz eta Tarascon (Okzitania) arteko 672 kilometro adina argazki. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide