Mahasti Krosa, proba laburra bezain gogorra

Zarauzko Hitza 2018ko otsailaren 21a

Talai Berri txakolindegiko Itziar eta Bixente Eizagirre, Iban San Martin Kirol zinegotziarekin (Aritz Mutiozabal).

Talai Berri txakolindegiak antolatuta, igande goizean jokatuko dute estreinakoz mendi lasterketa. Ehun lagunentzat zehaztu dute parte hartze muga, eta dagoeneko 85ek eman dute izena.

Mahasti Krosa izeneko lasterketa berria jokatuko dute igande honetan,Talai Berri txakolindegiak upategiaren 25. urteurreneko ospakizunen barruan antolatu duena. 7,6 kilometroko ibilbidea izango du, eta 10:30ean hasita, Talai Berritik bertatik abiatuko dira korrikalariak; Mollarriko kargalekura jaitsi, handik mahastira igo eta bertako lursailetan zehar igaro ondoren, txakolindegian bertan amaituko dute saioa.

Mendi lasterketa bat da izatez, eta malda asko dituela aurreratu du Talai Berriko arduradun Itziar Eizagirrek. Nabarmenenak probaren hasierakoa eta bukaerakoa izango direla aditzera eman du. Izan ere, ibilbidearen 2. kilometroan %25eko aldapa izango dute korrikalariek, eta bukaeran, helmugaratu baino 1,5 kilometro lehenago, luze egiten den %18ko aldapa. «Lasterketa laburra izanagatik ere, gogorra izango da», azpimarratu du.

Garai batean, sona handiko ziklokros proba jokatzen  zen Talaimendin, eta desagertu zen kirol ekitaldi hura buruan zutela otu zitzaien ideia. «Kasu honetan, bizikletan ez, baina krosa antolatzea prentsatu dugu», dio Eizagirrek. Zarauzko Udalak ez duela zalantzarik izan eta babes osoa eskaini diola adierazi du Iban San Martin Kirol zinegotziak: «Zarauztarrek gure paraje ederrekin gozatzeko aukera izango dute kirola egiten duten bitartean, eta bisitarientzat ere polita izango da halako ekitaldi batera etortzea». Lasterketa jokatuko den bide osoa eremu naturala izango da, eta, alde horretatik, «txukun ibiltzeko» eta «arduraz jokatzeko» eskatu dute antolatzaileek.

Hasiera batean, 25. urtemuga ospatzeko bakarrik antolatzea zen antolatzaileen helburua, baina izan duen erantzuna ikusita, «datozen urteetan jarraitzeko asmoarekin geratu gara». Hain zuzen ere, ehun lagunentzako parte hartze muga jarri zuten, eta dagoeneko 85ek eman dute izena. Beraz, izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta herrikrosa.eus atarian egin daiteke 12 euro ordainduta. Dortsalak txakolindegian banatuko dituzte larunbatean, otsailaren 24an, 17:00etatik 19:00etara, eta egun berean lasterketa hasi baino ordubete lehenago.

Sariak eta abar

Sariak egongo dira lehen hiru sailkatuentzat, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan: irabazleek txapela, Manu Urbietaren eskultura eta beren pisuaren adina Talai Berri txakolin botila jasoko dituzte; bigarren sailkatuek Urbietaren koadro bat eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa bat; eta hirugarren sailkatuek, azkenik, Urbietaren koadro bat eta 3 botilako Talai Berri txakolin kaxa bat.

Era berean, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinaturiko elastikoa eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko zaie. Gainera, Eusko Label produktuez osatutako bost otarre zozkatuko dituzte, eta probaren amaieran Talai Berri txakolinaren eta Eusko Label produktuen dastaketa eskainiko zaie parte hartzaile nahiz bertaratzen diren guztiei.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide