Kaleko dantzen topagunea

Maria Maya Manterola 2018ko otsailaren 21a

Iazko Hip Hop Txapelketan parte hartu zuen taldeetako bat dantzan, Aritzbatalde pilotalekuan. (Aritz Mutiozabal)

Gipuzkoako Hip Hop Txapelketaren 7. ekitaldia egingo dute larunbatean, Zarautzen. 600 dantzari baino gehiago espero dituzte, eta goizez nahiz arratsaldez jokatuko dute.

Gipuzkoako VII. Hip Hop Txapelketa jokatuko dute igande honetan Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, kaleko kultura eta dantza sustatzeko asmoz. Dantzarako talentua duten gazteen «topagune» izateko xedez sortu zuen proiektua Zarautzen dantza estudioa duen Warda Mallal dantza irakasle oriotarrak, eta  parte hartzaile nabarmena izateaz gain, Aritzbataldeko harmailak betetzen ditu urtero txapelketak. Aurten ere bide beretik doa. Alde batetik, jada agortu dira txapelketa ikusteko sarrerak, eta, bestetik, 600 lagun baino gehiagok hartuko dute parte hainbat kategoriatan, Mallal antolatzaileak argitu duenez.  Ho­rregatik, aurten goizez eta arratsaldez jokatuko dute.

Hain justu ere, haur, infantil eta premium kategorien txandak izango dira goizean, 11:30­etik aurrera. Juniorrak, absolutuak, bikoteak eta bikote absolutuak ariko dira arratsaldean, 16:00etan hasita. Guztira, 3.000 euro banatuko dituzte saritan, horietatik 1.000 euro jasoko dituzte absolutuen kategorian irabazten duten dantzariek. Emil Ochoa dantzari eta koreografoak eta Nerea Etxegia dantzariak  aurkeztuko dute ekitaldia, eta Marcos Martinez dantzari eta dantza irakasleak eta Cristina Burgos Operacion Triunfo telesaioko koreografoak osatuko dute epaimahaia.

Interpretazioa, originaltasuna, presentzia eszenikoa, teknika eta mugimenduak izango dituzte kontuan talde onenak saritzeko orduan. Bestelako sariak eta zozketak ere izango direla aurreratu dute.

 
Dantza ikasteko saioak

Txapelketaren aitzakian, masterclass saioak eskainiko dituzte epaimahaia osatuko duten bi kideek hurrengo egunetan. Hiru saio ikastaro izango dira: larunbatean Bilbon izango dira, 19:00etatik 21:00etara; igandean Donostian, 11:00etatik 12:30­era; eta astelehenean Zarautzen bertan, 10:30etik 11:30era.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide