Inaxio Uria 'Isasti'-ren maitasun bertsoak

Zarauzko Hitza 2018ko otsailaren 20a

Inaxio Uria 'Isasti'-k honako bertso hauek bidali dizkigu.

Inaxio 'Isasti' (2017-08-05)
Doinua: Iparragirre abila dela

-1-
Haurra nintzela hasi genuen
elkarrekin harremana
Nahiz ta xumea izan orduan
hau da gogoan dudana
Txit ederra zinela
Biguna ta epela
Baina esango dut dana
Lehen musua eman ondoren
negarrez amarengana (bis)

-2-
Nerabezaroan alderantziz
egoera ikusita
Udan egunero elkartuaz
ohikoa gendun zita
Ados, erdi biluzik
irmo,han ez zen hutsik
Elkarreri itsatsita
Biok hain gozo eguzkipean
Ai!!!.Ze oroimen polita!!(bis)

-3-
Gazte izanik elkartzen ginan
lagunak giro alaian
Zu biluzirik ikusi ahala
oinutsik era lasaian
Kirola zen aitzaki
Hau norbaitek badaki
Kontatzen dudan garaian
larrua jotzen jarduten gendun
Beno!!.Batzutan, jo nahian (bis)

-4-
Azken urtetan jaso ohi duzu
Ez noa ni isiltzera
zure babeslearengandikan
erasotzaile jarrera
Gogorra astindua
ta zu oso mindua
beharturik sufritzera
gero lasaitu eta baretuz
unearen arabera (bis)

-5-
Pasiatuaz joan izan nahiz
sarritan ni Getarira
ta zure ahizpa han ikusita
geratu ere begira
Biluzik beti hura
polita du itxura
Baina joanaz harira
edertasunez ez baida heltzen
zure mailaren erdira (bis)

-6-
Bolada hontan ikusten zaitut
baina ez da berdin, antza
zuregana ni ez hurbiltzeak
nonbait sortu du zalantza
Ez agur ta ez kaixo
horrek jartzen nau gaixo
Aska nahi nuke arantza
Distantziatik gogoko zaitut
ene Zarauzko hondartza (bis)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide