-1-
Euskarak bere barnean ditu
hiru tratamendu era
hitano,zuka ta berorika
unearen arabera
Hiruretatik sendoena da
zukaren erabilera
ta beste biak hortxe dijoaz
etenik gabe gainbehera
Horregatikan zehaztu nahi dut
azken hauen egoera
-2-
Berorikaren erabilera
beti izan da bitxia
Behetik gorako mintzaketara
murriztu eta itxia
Jende xumeak aiton-amona
ta apaizentzat utzia
Sendagileak ere jasoaz
tratamendu berezia
Hori galtzea ez da larria
Horra nere iritzia
INAXIO “ISASTI” ( 2016-04-01)
-3-
Alfabetatu gabeak ziren
azken belaunaldietan
ahoz ahoko transmisioa
izanikan gehienetan
Baina euskara hor mantendu zen
herri eta auzoetan
ta hitanoa neurri berean
hurreko harremanetan
Legeak aurka izanagatik
Txalogarria benetan!!!
-4-
Hitanoa da une hauetan
gehien kezkatzen nauena
azken boladan jakin ondoren
adituek diotena
Gaurko gazteak arlo horretan
ahul direla. Ze pena!!!
Eskolan landu ez dutelako
Hau da akatz handiena
Ta ondorioz erabilera
aldrebesa da dutena
-5-
Hitanoaren egoera nik
ez dut ikusten normala
Irakasleak ez jakitea
ulergarria da? Ala
Filologian titulatuei
gertatzen zaien bezala?
Horregatikan eman nahi nuke
nere iritzi apala
Hezkuntza sailak berehalaxe
akats hau zuzen dezala!!!
-6-
Hitanoaren erabilera
behar genduke sendotu
Anai-arreba eta lagunen
harremanetan girotu
Norbaitek hala pentsatuko du
Ez ote gara erotu?!!!
Gaztelaniaz ohikoa da
“zu” edo “hi”, “usted” o “tu”
Euskara hala aberatsago
Izango da, egin kontu!!!
DOINUA:”Mutil koxkor bat”