Zarauzko Udalak aurreko agintaldian Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) errekargua jarri zuen indarrean, EH Bilduren eskutik, eta hainbat norbanakok eta enpresak errekurtsoa jarri zuten erabaki horren aurka. Aurretik Donostiako epaitegiak eta Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuten bezala, Auzitegi Konstituzionalak ere babesa eman dio 2013an udalak hartutako neurriari. Epaia 2017ko uztailaren 18koa dela jakitera eman du EH Bilduk, baina horren berri oraintsu jakin dute: "Harrigarria da urte erdia pasa ondoren, egun Zarauzko Udalean gobernuan dauden bi alderdiek [EAJ eta PSE-EE] ezertxo ere ez adierazi izana epai honen inguruan".
Arrazoia ematen dien hirugarren epaitegia dela nabarmendu du koalizioak, eta "honenbestez, bide guztiak ixten zaizkie errekargu horren zilegitasuna zalantzan jarri nahi izan zutenei". Kasu honetan, nabarmendu dute auzitegiaren plenoak ez duela gaia tramitera ere onartu: "Alegia, auzitegiak ez du oinarririk aurkitu hartutako erabakiaren zilegitasuna zalantzan jartzeko".
Etxebizitza "eskubidea" dela dio EH Bilduk, eta, ondorioz, administrazioaren "betebeharra" dela hori herritarrei ahalbidetzea. "Horregatik, OHZ errekarguak helburu extrafiskal bat ere badu, herritarrei jardun egokiak erakustea", zehaztu du. Zentzu horretan, epaiak honakoa adierazten duela gaineratu du: "Ontzat ematen du ohiko etxebizitza erroldatuta zauden hori dela. Eta salbuespenak ere onartzen ditu: jarduera profesionalen bat egiten zena, hirugarren adineko zentroren batean erroldatutakoak, herentzia tramiteetan daudenak lehen bi urteetan, aurri egoeran daudenak...".
EH Bilduk azaldu du etxebizitzak funtzio sozial bat betetzen duela eta etxebizitzak behar bezala ez erabiltzea "jardun ekonomiko eta sozial negatiboa” dela dioela epaiak. Baita etxebizitza gutxi erabiltzea edo etxebizitza bat baino gehiago edukitzea gaitasun ekonomikoaren erakusle dela ere. Hala, koalizioak uste du ezin dela "berdintasun printzipioa erabili" kasu horretan: "Etxebizitza bat baino gehiago dituztenak ezin dira etxebizitza bakarra dutenak bezala kontsideratu, eta, ondorioz, OHZn grabamen handiago edukitzea (errekargua edukitzea) zentzuzkoa da. Ahalmen ekonomiko ezberdinaren adierazle denez, fiskalki ere ezberdin eragin behar zaie".
EH Bilduk gogora ekarri du etxebizitza hutsak alokairuan merkaturatzeko bultzada emateko diru laguntzak proposatu zitueela 2018ko aurrekontuetarako, baina EAJ-PSEk ezezkoa bozkatu zutela. "Argi dugu Zarauzko etxebizitzaren arazoa ez dela berriak eraikiz soilik konponduko, eta neurri eraginkorrak bultzatu behar direla Udaletik, etxebizitzaren funtzio soziala bete dadin".