Gipuzkoako AECCk Urola Kostako bulegoa Zarautzen (Balea kalea, 2) dauka, bertan minbiziarekin lotuta hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie gaixoei eta horien familiei, doan.
Zarauzko bulegoan arreta soziala eman eta baliabideak eta aholkua eskaintzen dituzte, gaixoaren beharren eta egoeraren lehenengo ebaluazioa egin ostean. Era horretan, eskuratu daitezkeen giza baliabideak eta laguntza publiko desberdinen inguruko informazioa ematen diete elkartera jotzen dutenei. Horrez gain, elkarteak ortopedia materiala ere eskaintzen du, eta, psikologia arloan, banakako zerbitzua ematen dute, lehen unetik.
Gipuzkoako AECCk minbiziaren prebentzio arloa ere lantzen du ekintza desberdinak eginez: sentsibilizazio kanpainak, osasun hezkuntzako programak, tailerrak, hitzaldiak, erretzeari uzteko terapiak…
Zarauzko bulegoan honako ordutegia du Gipuzkoako AECCk: astelehenetan, 08:00etatik 15:00etara eta 15:30etik 18:15era; asteartetan, 08:00etatik 15:00etara; asteazkenetan, 09:30etik 13:30era; ostegunetan eta ostiraletan, 10:30etik 12:00etara. Bulegoko telefono zenbakia 943-13 32 36 da eta posta elektronikoa urolakosta@aecc.es.
Iaz, elkarte honek Gipuzkoan 10.755 pertsona artatu zituen prebentzio eta laguntza kanpaina desberdinen bidez. Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak mila pertsona inguruk jaso zituzten: “Elkarteko profesionalek 988 gaixo eta familia artatu zituzten, hain justu”.
Elkarteak nabarmendu du gainera, 2017an Gipuzkoan 11.283 bazkide zituela eta 973 boluntario.