Azkenaldian, norbaitek edo norbaitzuk ez dute Putzuzuloko ordutegia errespetatu nahi izan.
Sinplea da ba!
Ez dago ordutegi finkorik: zabalik dago zabalik dagoenean, itxita dago itxita dagoenean.
Zabalik dagoenean, espazio atondu, bilerak, ikastaroak, otorduak, eztabaidak, ikuskizunak eta beste gauza asko egin ditzake sartu nahi duenak.
Itxita dagoenean, itxita dago.
Beraz, azkenaldian, gaztetxea itxita dagoela-eta gauez sartu den pertsona, edo sartu diren pertsonak, zabalik dagoenean etor dadila, edo etor daitezela.
Putzuzulon denak dira ongietorriak; edozein dela ere adina, sexua, jatorria… hori gauza jakina da. Zabalik egoteko ordutegiaz ere hitz egin dezake, edo dezakete, asteazkenero egiten den batzar irekian.
Itxita badago, ez saiatu atea ez den beste lekuren batetik sartzen, ez baitago momentu horretan ekintzarik. Ez dago dirurik, ezta baliozko ezer ere. Ez dago etxera eramateko ezer!
Azkenik, sikiera fokoetan ezkutatuta dagoen kamerari irribarretxo bat eskaini diezaiola. Ez dezala txartzat hartu, ateren baten azpitik pasatzean, burura pintura-poto bat erortzen bazaio; eta ilunpetan, zepoarekin minik hartu gabe ibil dadila, edo daitezela; edo tranparen batean erori eta sabaitik sare-zaku batean zintzilik geratzen badira, lasaitasuna mantendu eta ez dezatela sarea ebaki, bakarra dago gaztetxean eta…
En fin!
Azkeneko aldia izan dadin espero dugu.