Snowboardeko ohola eskuan agertu da Ibon Mugertza (Tolosa, Gipuzkoa, 1984), baina itsasora begira jarri da azkar batean. Surfa ere oso gustuko baitu Zarautzen bizi den tolosar honek. Jada hamabi urte dira moto istripu baten ondorioz besoan elbarritasuna duela. Une garratz asko pasatzea tokatu zaion arren, irribarrea oraindik ere ez du galdu. Bizitzak eman dion bigarren aukera ez du alferrik galdu nahi.
Nola gelditu zinen elbarri?
21 urterekin moto istripua izan nuen, Donostian, lagun batekin. Nik kolpea besoan hartu nuen; lagunak, berriz, buruan. Bizi guztirako paralisia edo hemiplegia bat gelditu zait eskuineko besoan. Oso zorte txarra izan genuela pentsatu izan dut askotan; beste askotan, berriz, zein zorte ona izan genuen, bizirik gaudelako. Hala ere, ezin ditut irudi haiek ahaztu: 02:00ak, iluntasuna, lurrean erorita, sakelakoa hogei zentimetrora lurrean eta hura hartzeko gai ez nintzela...
Kirolaria al zinen istripua izan arte?
Bai; gainera, beti nuen buruan kirola serioago hartzea. Hala ere, denbora-pasa zen kirola orduan. Surfa eta snowboarda egin ditut betidanik.
Nolakoak izan ziren istripuaren ondorengo egunak?
Ospitaleratzea hamabost egunekoa izan zen. Izugarrizko minarekin pasatu nituen lehen egunak, eta hiru edo lau aldiz morfina eman behar izan zidaten. Ez zekiten mina nondik zetorren. Besoa hilda balego bezala nuen. Sei egunetan ez zidaten ezer esan; ez zekiten istripuaren larritasuna. Minaren barealdia iritsi zenean, hamabost egunera, lesio larria zela esan zidaten, bizkarrezurretik besoraino doazen nerbioak hautsiak nituela. Donostian ez zegoen lesio horretan aditurik, eta, hilabetera, Bartzelonara bidali ninduten kontsulta batera. Han egindako proba batekin lesioa nolakoa zen esan zidaten: oso lesio larria.