Urola Kostako Udal Elkartea mugikortasun iraungarrirako plana garatzen ari da, bailarako industrialdetako mugikortasuna hobetzeko helburuz. Lehen lanak Zumaian egin zituzten 2017an. Oraingoan, berriz, Zarauzko Abendaño, Urteta eta Errotaberri industrialdeetako mugikortasuna aztertzen ari dira. Zehatzago esateko, Zarauzko Udalak martxan duen hiribusaren 3. lineak industrialde horietako langileen eta enpresen beharrak zer eta nola betetzen dituen ari dira aztertzen. Horretarako, poligono hauetako langileei bideratutako inkesta bat egiten ari dira.
Urola Kostako Udal Elkarteak mugikortasun baldintzak eta irisgarritasuna hobetzeko egitasmoa jarri du abian, betiere iraunkortasunaren ikuspegitik. Egitasmo hau, gainera, eskualdeko herritar eta enpresek mugikortasun jasangarriaren inguruan adierazitako kezka eta eskaeretatik abiatu da.
Zarauzko industrialdekoaz gain, Zumaiako Joxe Mari Korta, Guascor eta Xey industrialdeetan ere abian da proiektua. Jasotako datuak landu eta Udalari bidaliko dizkiote, zerbitzuan egin daitezkeen hobekuntzak bidera ditzan. Inkesta online formatuan dago eskuragarri, baita Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Abendaño, Zarautz) ere. Inkesta betetzeko azken eguna otsailaren 14a (asteazkena) izango da.
Argibide gehiagorako, Urola Kostako Udal Elkartearen Enpresentzako Zerbitzuetara idatzi (enpresa@urolakosta.eus) edo euren webgunea kontsultatu.