Astiko lursail batean bi urte daramatzate Zarauzko 60 familirentzako barazkiak erein eta jasotzen. Anjel Epelde eta Iñaki Oñatibia herritarrak aritzen dira bertan goizero lanean, eta pozik daude emaitzarekin. Azaldu dutenez, milaka kilo barazki ekoitzi dute bertan, eta Ordiziko merkatuko prezioekin alderatu ondoren, kalkulatu dute 11.000 euroko balioa lortu dutela. Azpimarratu dute beste hainbat herritarren laguntza dutela baratzea mantentzeko, eta eskerrak eman dizkiete guztiei. "Logistikaz arduratzen den Josetxori ere eskerrak eman behar dizkiogu, baita Jose Reyri ere. Hemen inguruan baratzea du, eta berak laguntzen digu azpiegitura arazoak ditugunean".
2018a proiektuko hirugarren urtea da, eta antzeko barazkiak ekoitziko dituzte aurten ere. 2017an bidalitako produktuei buruzko datu zehatzak eskaini dituzte, gainera: "Bidali ditugu 6.000 hosto azelga, 194 kilo leka, 245 kilo kalabazin, 697 kilo kalabaza, 143 kilo tipula, 700 eskarola, 3.140 letxuga, 2.325 pepino...".
Caritaseko lokalean banaketa
Barazkiak asteazkenero banatzen dituzte ekonomikoki larri dauden familien artean. Caritasen lokalera eramaten dituzte produktuak goizean, baratzean bertan garbitu ondoren. Pozik agertu da Caritaseko arduradun Gotzon Larrañagak ere. "Kalitate handiko barazkiak ematen dizkigute, eta familiek jasotzen duten jaki-saskitik zati handiena, gainera, barazki hauek osatzen dute. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet egiten duten lanagatik".
Udalaren lurretan
Gloria Vazquez zinegotziak gogoratu du baratzea Zarauzko Udalak utzitako lurretan dagoela, eta urtero 2.000 euro inguruko laguntza ematen dutela, baratzerako materiala erosteko. Gainera, proiektua martxan jarri zutenean, 5.000 euro eman zituen udalak azpiegitura egokia jartzeko eta haziak erosteko.
"Orain arte Udaberrik kudeatu du proiektua, eta aurten Caritas erakundeak hartuko du erreleboa", jakinarazi du Vazquezek.
Zinegotziak eskerrak eman dizkie Epelderi, Oñatibiari eta baratzean aritzen diren lagun guztiei "egiten duten lan handi eta ederragatik", eta baita Caritaseko boluntarioei ere.
Laguntzera joan nahi duen ororentzat ateak irekita daudela esan dute Oñatibiak eta Epeldek. Hain zuzen, esan dute pare bat herritarren laguntza gustura jasoko luketela. Interesa duenak, 09:00etatik 11:00etara hantxe aurkituko dituzte, Bidarte baserriaren aurrean dagoen lursailean.