Otsailaren 1ean jarriko da martxan hondakinak biltzeko zerbitzu berria, eta Urola Kostako Udal Elkartea hainbat lan egiten ari da azken asteotan. Organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko txartelak etxebizitza guztietara postaz bidaltzeari ekin diote: Orio, Aia eta Getarian hasi dira iristen, eta Zarautz eta Zumaiako etxebizitzetara, berriz, datorren aste honetan iritsiko direla jakitera eman dute.
Kaleko edukiontziak aldatzeaz gain, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduei puntuz puntuko bilketarako edukiontziak banatzen ari da herriz herri. Halaber, joan den astelehenean jarri zuten martxan etxeko hondakin handiak biltzeko zerbitzua, eta herri bakoitzean astean behin jasoko dira.
Bestalde, Hondakinak ondo sailkatzen laguntzeko esku-orria banatu dute, eta zabalik jarraitzen dute Arreta eta Informazio Bulegoak UKUEko bost udalerrietan. Horrekin batera, webgunean hondakinen hiztegia jarri dute eskura.